Parekidetasunean, maskulinitate osasuntsuagoa bizitzeko tailerra egingo dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko aza. 26a, 08:00

Argazkia: Hiruki larroxa.

Berdintasun Sailak antolatuta maskulinitatea lantzeko tailerra egingo dute abenduaren 11n. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Izena eman behar da abenduaren 9a baino lehen, berdintasuna@gorbeialdea.eus helbidera idatzita.

Aramaioko Berdintasun Sailak gizonezkoengan jarri nahi izan du fokua aurten.

Borrokara batzeko asmoa

"Udalean hausnarketa egin dugu eta konturatu gara azaroaren 25a beti fokalizatu izan dela emakumeengan, eta, berez, biolentzia eragiten dutenak gizonezkoak dira", azaldu du Berdintasun teknikari Jone Unzaluk. "Emakumeek urteak daramatzate borrokan, baina gizonezkoek ez dute hainbeste aurrerapen egin borroka horretan", gaineratu du. Hori horrela, maskulinitatea lantzeko gizonezkoendako tailerra egingo dute abenduaren 11n, udaleko osoko bilkuren aretoan.

Berdintasun Sailaren asmoa da gizonezkoak ere borroka horretara batzea, ildo horretan lanean jarriz. "Ikastaroa lehenengo kontaktua izango da; ikusiko dugu ea gizonezkoen artean testigua hartzeko gogoa duen taldetxorik dagoen", dio Unzaluk.

Abenduaren 11n 10:00etatik 14:00etara izango da ikastaroa eta haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Izena eman nahi duenak abenduaren 9ra arte dauka, eguena; horretarako, mezua idatzi behar du berdintasuna@gorbeialdea.eus helbidera.

Hiruki Larroxa

Maskulinitate tailerra Hiruki Larroxa kooperatibako kide Joseba Gabilondok emango du. Bide ezberdinetatik hausnartuz, eraldatuz, irauliz da elkartearen leloa, eta, hain zuzen, gizonezkoen desboteretzea proposatzen dute, maskulinitate osasuntsuagoa bizi ahal izateko."Aramaiokoa lehenengo saioa izango denez, termometro moduko bat da, ikusteko parekidetasunean eta gizontasunean zelan dabiltzan", dio Gabilondok. "Berandu bada ere, gizonezkoek parekidetasunaren alde zer egin dezakegun pentsatzeko balioko du. Emakumeek ahalduntzeko eman dute pausoa; bada, gizonezkoek desboteretzeko egin behar dugu", dio, eta gaineratu du: "Desboteretzea da onartzea jendarte patriarkal honetan ditugun pribilegioak, eta zalantzan jartzea pribilegio horiek. Nondik datoz pribilegio horiek, eta zergatik?". Gizontasun ereduaz hausnartuko dute: "Maskulinitate toxiko tradizional hori zelan dagoen aztertu, hausnartu eta identifikatu dugu, eta bakoitzak nola bizi duen gizontasun hori ikusiko dugu". Horrez gain, maskulinitate eredu horrek bizitza sozialean ze abantaila dakarkien aztertuko dute. "Hortik hasten da desboteretzea", nabarmendu du Gabilondok.

Ingurukoak interpelatu

Gizontasun eredu horiek gizonen arteko harremanetan indartzen direla gaineratu du Gabilondok. "Bestalde, zaurgarritasuna onartu behar dugu gizonezkoek; ez gara Superman. Zaurgarritasun hori onartzeak zelako ondorioak dituen ikusiko dugu; bai guregan, eta baita besteengan ere; batez ere, emakumeengan", dio.

Maskulinitate eredu berrietara lehenengo hurbilpena izango da ikastaroa: "Konturatu behar dugu hausnarketa hau ez dela guregan geratzen; gainontzekoak interpelatu behar ditugu, hausnartu eta desikasteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak