Kalabazak hustu eta beldurra emateko gaua izango da gaurkoa Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urr. 29a, 08:00

Umeak mozorrotuta, 2019an.

Mozorroak, kalabazak, ipuin kontalariak, dantza... Gau Baltza ospatzeko askotariko ekitaldiak antolatu ditu Txirritola euskara elkarteak.

Domu Santu egunaren bueltan egiten den Gaba Baltza ospakizuna gaur, egubakoitza, egingo dute. AEBetatik datorren Halloween jaiaren aurrean bertako ospakizunak aldarrikatu nahi dituzte; gaztetxoek ere garai bateko ohiturak ezagutu dezaten. Domu Santu egunaren inguruan askotariko ospakizunak egin izan dira Europa osoan, eta baita Euskal Herrian ere. Kalabazak eta arbiak hustu, gaua, beldurra, mozorroak... Horiek guztiak batu eta ospakizuna egingo dute gaur. Txirritola euskara elkartea dabil antolatzen, Elkartasuna guraso elkartearen eta Lagun Artean dantza taldearen laguntzarekin.

Mozorro tailerra

Gau beldurgarria izateko, ezinbestekoa izango da ondo mozorrotzea. Horretarako, mozorro tailerra egingo dute kultura etxean. Etxetik arropa zaharra eramateko eskatu dute, eta ideiak hartzeko aukera egongo da gaubeltza.eus atarian. 18:00etan, kaleak apainduko dituzte kalabaza eta kriseiluekin, eta 18:30ean, ipuin kontalarien txanda izango da. Aitor Vinagret kontalariak Otsoen mokaduak ipuina eroango du eta Ane Arruagaetak Izarretan idatzita. 19:30ean, kalejira egingo dute, eta, azkenik, dantza. "Julen Alonso trikitilariaren Sutan dantzan abestiari koreografia ipini genion orain urte batzuk", dio Oihane Vicente dantza irakasleak. Sorginen inguruko abestia izanda, egokia dela uste dute gaur egiteko. Kalejirak eta dantzak irauten duen bitartean, Nardeaga kaleko eta plazako argiak itzali egingo dituzte.

"Orain dela hiru urte hasi ginen Gaba Baltza ospakizuna egiten. Halloween jaia asko zabaldu da, eta konturatu gara hemen ere berdina egiten zela... Konnotazio globalizatzaile hori kendu nahi diogu", dio Txirri-tolako kide Itziar Blazquezek. Sorpresak egongo direla gaineratu du hark.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak