Iñigo Leza: "Hainbat alorretatik Araba osoa arrisku bizian jartzen ari dira"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urr. 22a, 09:52

Iñigo Leza, Arabako Mendiak Aske plataformako kidea.

Gasteiztarrak urteak daramatza Arabako mendiak eta lurraldea defendatzen. Arabako arazoa bakarrik ez dela dio, eta debagoiendarrak animatu nahi ditu bihar, zapatua, Gasteizen egingo den manifestaziora –18:30ean, Bilbo plazan–.

Bihar, zapatua, Gasteizko Bilbo plazan 18:30ean hasiko den manifestaziora joateko dei egin du Araba Bizirik! ekimenak.

Zeintzuk zaudete deialdiaren atzean eta ze aldarrikatzen duzue?

Araba Bizirik! ekimenaren barruan lau talde gaude: AHTrik Ez, Arabako Mendiak aske!, Proiektu Honi Ez eta Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua. Planteatu dugu horrela ikusten dugulako hainbat alorretatik ari direla Araba osoa arrisku bizian jartzen. Mendi gehienetan eolikoak jartzeko proiektuak daude, larreetan zentral fotovoltaikoak jartzeko proiektuak, AHTrako azpiegitura berri bat egin nahi dute gaur egungo trenbidea berritu beharrean. Gainera, orain ari dira sustatzen nekazaritza industriala eta eraiki nahi dituzte 60 hektareako berotegiak, urte osoan zehar 37 gradutan egongo direnak tomateak ekoizteko. Horrek dakarren gastu energetikoarekin eta nekazaritzaren industrializazioarekin. Horri aurre egiteko eta Arabaren defentsan erabaki dugu guztiok batera egitea manifestazioa.

Goi tentsioko linearen proiektu baten berri ere jaso berri duzue.

Bai, Zaragozatik Gasteizera Altsasutik pasatuta eta beste adar bat Altsasutik Gatikara Gipuzkoa zeharkatuko lukeena. Gaur jakin dugu, gainera, Zaragozatik egin nahi dutela goi tentsioko beste linea bat, Arabako Errioxatik sartuko litzatekeena. Hori guztia horrela da Zaragozan jarri nahi dituztelako zenbait zentral fotovoltaiko. Aldaketa klimatikoaren aitzakiarekin edo energiaren trantsizioaren aitzakiarekin negozio ikaragarria egin nahi dute multinazionalei Europako funtsetik datorren dirua emanez, eta lurraldea guztiz suntsituz.

Araban kokatu dituzte proiektu asko. Zergatik, zure ustez?

Orain dela 12 urte aurkeztu zituzten 15 bat proiektu zentral eolikoak jartzeko EAEko mendietan. Bizkaiko ahaldun nagusiak esan zuen Bizkaian ez zirela gehiago jarriko; horrek gelditu zuen dena. Araban egin zen mugarri plana eta plan horrek esaten zuen Araban bazeudela guneak non ezin zen jarri eolikorik. Plan hori 2020an bukatu zen; ondoren aurkeztu dituzten plan guztiak Arabarako izan dira. Nik uste dut euren iritzia dela jende gutxi bizi den lurraldea izanda aurka egingo dioten indarra ere txikiagoa izango dela. Espainia mailan ere gertatzen da hori, biztanle gutxi dauden lurraldeetan planteatzen dituzte proiektuak, Avila, Burgos, Zaragoza... Eta botoak ere gutxiago dira.

Arabarako aurreikusita dauden zentral eolikoen proiektuak ze egoeratan daude?

Aixeindar enpresa dago atzean, non gehiengoa Iberdrolak daukan. Planteatu zuten jartzea lau zentral eoliko Iturrietan, Arkamun, Azazetan eta Labrazan. Jasotako presioaren harira Arkamun eta Iturrietan ez dutela egingo esan zuen Arantxa Tapiak; baina mahai berean zegoen Iberdrolako arduradun bat eta hark esan zuen Azazetakoa bikoiztu egin nahi dutela.

Zapatuan mendi martxa egin zenuten Jarindora. Ze balorazio egiten duzue?

Balorazioa positiboa da. Jende asko batu da martxetara; batez ere, Jarindon. Ia 300 lagun elkartu ginen. Azazetan 180 inguru egon ginen eta besteetan gutxiago. Ikusi dugu jendea kontzientziatuta dagoela eta prest dagoela halako ekimenetan parte hartzeko.

Ze alternatiba eskaintzen duzue?

Lehenengo, ikusi behar da nolako sisteman gauden. Kapitalismoak hazkuntza behar du eta urte batetik bestera kontsumoak igo egin behar du. Sistema horretatik irten behar dugu, bestela jan egingo du-eta lurralde osoa. Energia sortu behar bada, bestelako lekuak bilatu behar dira. Arasurren zentral fotovoltaiko bat jarri dute, 55 hektareako nekazaritza lurrak estaliz. Ondoan Arasur poligonoa dago: ez dute planteatu pabiloi horietan jartzea panel fotovoltaikoak. Horrelako leku antropizatuetan jarri beharko lirateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak