Hondakin toxikoa izan dezakeen bidoi bat dagoela Albinan salatu dute Ekologistak Martxan taldekoek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urr. 21a, 12:01

Arabako Ekologistak Martxan taldeko kideak eta zenbait legebiltzarkide, atzo, Albinan. Argazkia: AEM

Abuztuaren 26an eman zitzaion horren berri Uraren Euskal Agentziari; atzo, oraindik, bidoia Albinan zegoen.

Atzo, eguaztena, joan ziren Arabako Ekologistak Martxan taldeko kideak Albinara eta ziurtatu zuten oraindik ere han dagoela, ustez, hondakin arriskutsua izan dezakeen bidoia.
Alerta abuztuaren 26an piztu zen. "Bizkaiko Ekologistak Martxan taldeko kide bat Albinara joan zen. Apurtuta zegoen bidoi bat ikusi zuen, eta hainbat ezaugarri kontuan hartuta lindanoa izan zitekeela pentsatu zuen", azaldu du Arabako Ekologistak Martxan taldeko Andres Illanak. Uraren Euskal Agentziari pasa zion abisua: "Zergatik? Albinako urtegitik 40 bat metrora dagoelako, eta errekatxo batetik 20 bat metrora. Gainera, kupela dago azaleko uren babeserako kalifikatutako eremu batean".

Ertzaintzak, hesitu

Arabako elkarteko Illana urriaren 6an pasa zen Albinatik eta ikusi zuen bidoia oraindik ere han zegoela: "112 telefonora deitu nuen eta Ertzaintzaren patruila bat bidali zuten. Horiek kupela hesitu zuten, besterik ez zuten egin". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailean eman zuten egoeraren berri. 

Laginak hartu dituzte

Eguaztenean, urriaren 20an, Arabako Ekologistak Martxan taldeko kideak berriro ere joan ziren aipatutako gunera; eurekin joan ziren EH Bilduko legebiltzarkide bat eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide bat –PPkoak, azken unean, ezin izan zuen joan–. Kupeletik laginak hartu zituzten horiek analizatzeko: "Laginak zigilatuta bidali dizkiogu Urak agentziari, Eusko Jaurlaritzari, eta EH Bilduko legebiltzarkideak ere hartu du Udalari emateko".

Laginak hartzen, atzo, eguaztena. Argazkia: AEM.

Administrazioen arteko koordinazio eza salatu dute: "Mendizaleak, ehiztariak... jende asko pasatzen da hortik. Ezin da onartu hori". Gainera, orain, euriteak hasiko direla dio.

Illanak nabarmendu du analisiek esango dutela lindanoa den edo ez.

Udalak eskaera egin du Ingurumen Sailean eta Uraren agentzian

Aramaioko Udalak iritzia eman du gaiaren inguruan:

"Udal honek irailaren 24an jaso zuen Uraren Agentziaren errekerimendu bat bidoi horren berri emanez eta kentzeko aginduz hondakin urbanoa delako.  Bidoi hori Udalarenak ez diren lurretan dagoela konprobatu zen. Ia Legutioko mugan dago, Albina pantanoaren bueltan, hango zerbitzu gunearen bueltan. Horrez gain, Udalak ez du horrelako hondakinak kudeatzeko baliabiderik, eta gainera hondakin hori ez da hiri hondakina. Edozein kasutan, ez dakigu lindanoa den edo ez, eta Udalaren abokatuarekin hitz egin ondoren, garbi adierazi digu horren kudeaketa ez dela udal konpetentzia.

Orain arte, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak lur jabeoi bakoitzak bere lurra egoki mantentzeko errekerimenduak egin dizkigu horrelako gauzen aurrean, beraz, Ura-ren errekerimendua ulergaitza da, zentzu honetan.

Uraren Agentziaz gain, SOS Deiak-etik ere urriaren hasieran horrelako errekerimendu bat heldu zen Udalera. Kasu hartan, koordenatuak gaizki eman ziren, eta hasieran beste kasu bat izan zitekeela uste bazen ere, bi eguneko epean konturatu ginen bidoi bera zela.

Ondorioz, Aramaioko Udalak Ingurumen Sailari eta Uraren Euskal Agentziari eskatu die udalerrian agertu den ustezko hondakin toxikoa kentzeko behar diren kudeaketak egin ditzatela. Horrela jakinarazi zaie, urriaren 15ean, bai Ingurumeneko Sailari zein Uraren Agentziari igorritako idazkietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak