Iraileko ohiko osoko bilkuran hainbat gai izan zituzten mahai gainean. Horien artea, bake epaile berria eta haren ordezkoa proposatzea. Udalbatzak aho batez onartu zuen Antonio Elejalde izatea bake epaile berria, eta haren ordezkoa Monika Landaluze. Udalbatzak hartutako erabakia epaitegian proposatuko da; gero, epaitegiak izango du izendapena egiteko ardura.
Aguazilaren lanpostua
Lanpostu zerrendan aguazil lanpostuaren izen aldaketa onartu zuten, aldeko zazpi botorekin eta bi abstentziorekin. "Euskal poliziaren lege berriaren arabera, udaltzainik ez dagoen lekuetan, udaltzain laguntzaileak, serenoak, aguazilak… dauden lekuetan, horiek pasatu behar dira udaltzain kategoriara. Horrek dakar lanpostu zerrendan ere kategoriaz aldatzea; eta, beste baldintza batzuen artean dago Arkautera joan beharra Udaltzainen ikastaroa egitera. Aramaioko kasuan aguazil-zerbitzu anitzetako langile moduan dago izendatuta lanpostua, eta Eusko Jaurlaritzatik esan digute hori ezin dela izan. Aguazila edo zerbitzu anitzetako langilea izan behar da, bat edo bestea. Kontuan hartuta aguazilak egiten dituen lan gehienak zerbitzu anitzetako lanak direla, erabaki da proposatzea zerbitzu anitzetako langilea izatea", azaldu zuen idazkariak. "Lan berdina egiten jarraituko du, funtzio bera izango du. Bakarrik, lanpostuaren izena aldatuko da", gehitu zuen Lierni Atuna alkateak.
Ordenantza fiskalak
2022rako ordenantza fiskaletan aldaketak ere proposatu zituzten osoko bilkuran. "Hiri hondakinen tasa 2021an %4 igo zuten Jundizen eta %3ko igoera egitea aurreikusten dute 2022rako. Tasa horrekin alderatuta, atzetik gabiltza; jasotzen dugunaren eta gastatzen dugunaren arteko aldea handiagoa da. Hala, 2022rako %7ko igoera egitea proposatzen dugu", azaldu zuen alkateak.
Bideen erabilera tasa urtero KPIa igotzea dago idatzita: 2022rako aurreikuspena %2,7ko igoera egitea proposatu zuten. Horrez gain, bideen erabilera ordenantza araudia urrirako eguneratzeko eta proposatzeko asmoa erakutsi zuen Udal Gobernuak.
Uraren kasuan, % 2,7ko igoera proposatu zuten.
Ibilgailuen gaineko zergan, KPIa igotzea proposatu zuten; era berean, kotxe zaharren hobaria kentzea proposatu zuten.
Azkenik, terrazen ordenantzan aldaketa txiki bat egitea proposatu zuten, eta salbuespen izaeretan ematea terraza handitzeko baimena. "Pandemian beharra egon da eta ezetz esan beharra izan dugu, horregatik uste dugu araua aldatzea komeni dela", azaldu zuen Iban Herrarte zinegotziak.
Aho batez onartu zituzten ordenantza fiskalen aldaketa proposamenak.
Kiroldegia berritzeko proiektua
Aramaioko kiroldegia eraberritzeko eta handitzeko obren exekuzio proiektua onartu zuten. "Materialetan igoera egon da, eta horregatik aurrekontua igotzea proposatzen dugu, lehiaketara norbait aurkez dadin", azaldu zuen Gorka Astondoa zinegotziak. Proiektua Arabako Foru Aldundira bidali dute eta han onartzen denean aterako dute lizitaziora.
Bestalde, Aramaioko hiri-hondakinak biltzeko kudeaketa lagapena egitea onartu zuten. Udaletxea, anbulatorioa, kultura etxea, eskola… abenduan amaituko da horiek garbitzeko indarrean dagoen kontratua eta berriro ere esleipena egitea tokatzen da.