Ainhoa Aldazabal: "Irakurri dugun hori gure bizitzetara eramaten dugu, eta, horrenbestez, bizitzaz hitz egiten bukatzen dugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urr. 1a, 09:00
Ainhoa Aldazabal.

Irakurle Klub Feministak urriaren 4an hasiko du ikasturtea. Antxine Mendizabalen Odolekoak liburua izango dute berbagai lehenengo saioan.

Urriaren 4an, astelehena, hasiko da ikasturtea. Izena emateko modurik badago?

Bai; Berdintasun teknikariarekin harremanetan jartzea izango litzateke, Udalera deituta.

Laugarren ikasturtea duzue Aramaion. Taldea egonkortuta dago?

Esan daiteke taldea eginda dagoela; hala ere, urtero etortzen da norbait berria. Momentuz, talde txikitxoa da, baina egia da fidelak eta leialak direla.

Antxine Mendizabalen Odolekoak liburua aztertuko duzue. Ze jasotzen du?

Lehenengo, komentatzen dugu ea irakurritako liburua gustukoa izan den edo ez, eta zergatik. Hortik abiatuta, pertsonaietara heltzen gara; kasu honetan, emakumeen belaunaldi batez hitz egiten da Odolekoak liburuan. Emakumeen harremanen gainean: ama-alabak, ahizpak... Gerra ere tartean dago, eta liburu bakoitzak ematen digu askotariko gaiez hitz egiteko aukera. Askotan gertatzen da irakurri dugun hori gure bizitzetara erateman dugula, eta, horrenbestez, bizitzaz hitz egiten bukatzen dugu.

Liburuak proposatzerakoan, ze irizpide izaten duzu kontuan?

Nik aukeratzen ditut; ikasturte bat lehenago irakurtzen ditut hurrengo ikasturtean proposatuko ditudanak. Hala ere, taldekideek egiten dituzten eskaerak kontuan hartzen ditut. Irakurle klub feminista denez, saiatzen naiz emakumeak irakurtzen, eta, gizonak baldin badira idazleak, begirada feminista dutenak izan daitezela. Beti irakurtzen dugu komikiren bat, poesiaren bat, autobiografia, saiakera... Genero literario askotariko liburuak irakurri nahi izaten ditugu, informazio ezberdina ematen dutelako, sortzeko moduak ezberdinak direlako...

Nobedadeak bai, baina garai bateko begiradak ere irakurtzen dituzue.

Saiatzen gara nobedadeak irakurtzen, baina baita beste garai batekoak ere; adibidez, Zergatik panpox? Mundua eta feminismoa ez dira hasten orain gurekin. Beti saiatzen gara aitortzen aurrekoek egindako ekarpena. Feminismoa, batzuetan, ez da hain esplizitua, pertsonaien bitartez bilatzen dugu, guk daukagun irakurtzeko moduan, zelan begiratzen diegun pertsonaiei... Gelan egiten dugun lana hortik enfokatzen da.

Irakurle klubaren helburua zein da?

Profila emakume irakurzalea da. Berez gustatzen zaie irakurtzea; hortaz, zaletasun hori partekatzea da helburuetako bat. Taldea euskarazkoa denez, batzuek izena ematen dute euskaraz irakurtzera derrigortzeko euren burua. Gainera, beste modu batera irakurriko ez genukeen materiala irakurtzea ere bada helburua. Elkartzea, egotea eta literaturaren bitartez bizitzaz berba egiteko aukera izatea ere eskaintzen du klubak.

Liburuak liburutegian eskura daitezke?

Bai; liburuzainak liburutegi sarean eskatzen ditu, eta handik ekartzen ditu.

Zeintzuk dira taldearen erronkak?

Beti dago erronkaren bat. Irakurtzen ditugunean, adibidez, hain gustukoak ez diren literatura generoak, nire erronka beti da aurreiritziak ditugun material horiekiko irekitasuna izatea. Poesia, adibidez, ez zaigu gustatzen ez dakigulako irakurtzen literatura mota hori. Erronka da material horietara irekita gerturatzea. Gero, gustuko izan daiteke edo ez, zukua atera eta disfrutatu irakurketa horrekin. Eta nire leloa beti da: ez bazaizu gustatzen liburua, ez irakurri, utzi; mila liburu daude irakurtzeko. Ondo egotera eta gozatzera gatoz hona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak