The Clayton: "Aurrez genituen abestiei buelta bat eman diegu disko berrian"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urr. 2a, 10:00

Ullibarriarana, Arriolabengoa, Zalakain, Larrañaga eta Muñez. Argazkia: Mikel Serrato.

Phoenix diskoarekin hara eta hona ibili ondoren udan zehar, hilabete batzuetako geldialdia egingo dute orain. Izan ere, bi taldekide Aramaiotik kanpo bizi izatera doaz.

Ekain amaieran argitaratu zuten aramaioarrek Phoenix diskoa. Bederatzi abestiz osatutako lanak lehendik zituzten abestien bertsioak jasotzen ditu.

Zer jasotzen du Phoenix diskoak?

Jokin Larrañaga: Phoenix hegaztiaren metafora bat erabili izan nahi dugu. Egiten genituen abestiekin gustura egon ez, eta egiten genuen horri buelta bat ematea zen asmoa. Bederatzi abesti dira, Bilboko Silver Recording estudioan grabatutakoak.

Nolako abestiak dira?

Mikel Ullibarriarana: Esan daiteke orain bai hartu dugula norabide bat, orain arte ez genuena. Rock-and-roll estiloa da nagusi, baina egia da gure artean ere ezberdinak garela. Influentzia ezberdinak ditugu. Diskoko abestiek blues ukitua ere badute, abesti ilunagoak daude, punk-rock ukituarekin...

Aldaketa horretan, euskaraz abes-tearen alde egin duzue.

J.L.: Euskaraz eta ingelesez abesten dugu. Lehenengo bertsiotik bigarrenerako salto horretan erabaki genuen gazteleraz ez egitea. Ingelesa gustatzen zaigulako rock-and-rollerako, eta euskara gure hizkuntza delako. Lehen, gazteleraz egiten genuen gehiena.

Nolako harrera izan du diskoak?

Manex Zalakain: Espero genuena baino hobea.

J.L.: Nik uste dut, ze egoeratan gauden kontuan hartuta, oso ondo joan dela. Legazpiko emanaldian, esaterako: inguru hartan inoiz ez gara egon, eta, hala ere, jendeak bazekizkien abestien letrak. Baita Eibarren, Elgoibarren... Diskoa entzun duten seinale.

Zeintzuk dira zuen jarraitzaileak?

J.L.: Denetarik ditugu. Punk-rock oi! munduko jendea dela esan daiteke.

M.U.: Jende nagusiagoa rock-zaleagoa da. Horrelako musika faltan igartzen duten jende asko dago; izan ere, inguruan eta bailaran punk eta oi! musika egiten duten taldeak daude. Eta gu irten egin gara bide horretatik.

J.L.: Rockaren munduan zerbait ezberdina eskaintzen dugu, guri gustatzen zaiguna.

Pandemia egoera honek nola eragin du zuzenekoetarako?

M.Z.: Guk jotzen dugun estilorako, jendea jesarrita egotea ez da egokiena.

J.L.: Horrez gain, edukiera mugak daude. Pandemia aurretik, Discipulosekin jo genuenean, 400 bat ikusle zeuden. Gaur egun, jendea sarrera eske etortzen zaigu.

M.Z.: Aire zabaleko emanaldiak, parkekoak, esaterako, ez dira gure plaza gustukoenak. Hortaz, egoerak ez digu lagundu.

J.L.: Guk izan dugun abantaila izan da talde asko desagertu egin direla. Lehen, talde asko zeuden, eta orain, aktibo egon garenak gutxiago izan gara. Talde gehienak grabazioetan ibili direla esango nuke, ez zuzenekoetan.

Sortzeko balio izan zizuen itxialdiak?

M.U.: Abestiren bat sortu genuen, baina, esan bezala, abesti gehienak lehen egindakoen bertsioak dira.

Orain, taldeko bi kideren egoera pertsonalagatik, etena izango duzue?

M.U.: Ez dakigu zer egingo dugun. Geratzen garen hirurok jarraitu egingo dugu entseatzen, eta ea zerbait berria egiten dugun.

J.L.: Egia da orain arteko entsegu guztiak kontzertuei begirakoak izan direla, eta ni, zelanbait, aspertu egin naiz horrekin. Modu askeagoan entseatzeko gogoa dut, ea zerbait berria irteten den. Orain da momentua horretarako.

Pandemia garaian Sastiñan egon zarete entseatzen, eta orain, lokalera itzuli zarete. Igarri duzue aldea?

J.L.: Bai; hemen hobeto. Gainera, lokala berritu egin dugu, eta askoz hobeto dago orain.

M.U.: Talde asko gaude hemen, bederatzi, guztira, baina ez dugu arazorik izaten entseatzeko orduak hartzeko; izan ere, Whatsapp talde bat dugu, eta hor idazten dugu noiz entseatu gura dugun. Momentuz, toki egokia da, eta, talde gehiago sortzen baldin badira, ba, ikusi egin beharko da. Bestalde, lokalari dagokionez, igartzen da aldea Sastiñan entseatu edo hemen entseatu: kontuan hartu Sastiña eliza bat dela eta oihartzun handiak dituela.

Musikarekiko zaletasun handia dago Aramaion. Zuei nondik datorkizue?

M.Z.: Lokala izateak asko egiten du. Udalak lokal bat uztea doan, gaztea zarenean... Gu horrela hasi ginen. Aspertuta geunden, eta ezer jakin barik hona etorri ginen.

M.U.: Txikitatik ikustea beste talde batzuk, Gorroto, adibidez, horrek eragiten du.

M.Z.: Gainera, beste talde batzuek bidea ireki zutela esan daiteke. Gu hasi ginenerako bagenuen material pixka bat.

J.L.: Nik uste dut Eguzkierripa jaialdiak ere balio duela zaletasuna sortzeko. Aramaioko ekitaldi polit bat da, musikaren inguruan dabilena.

Ze helbururekin sortu duzue elkartea?

J.L.: Helburu nagusia burokratikoa da, Udalean dirulaguntzak eskatu ahal izateko... Horrelakoetarako. Adibidez, entseatu ahal izateko ere baimen berezi bat behar izan dugu egoera honetan; izan ere, edukierak, distantzia... kontuan hartu behar izan ditugu. Diskoarekin genbiltzanez, egiaztagiri sozioekonomikoa lortu genuen, eta entseatzeko baimena izan dugu horrela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak