Edur Kortabarria: "Proiektu pertsonalak dira, txikiak, jasangarriak eta pertsonalak"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ira. 17a, 09:26

Dinagu kolektiboko emakume sortzaileak.

Dinagu kolektiboak Nomadak Gaitun! proiektua sortu du: emakume sortzaileen azoka ibiltaria. Edur Kortabarria Aramaioko ilustratzailea da proiektuko sortzaileetako bat. Bizkaian egingo du azokak hurrengo geldialdia.

Nola sortu zitzaizuen Nomadak Gaitun! azoka egiteko ideia?

Dinagu kolektibotik datorren proiektua da. Orain dela hiru urte, Gabonetako azoka batean elkartu ginen lau emakume sortzaile: Agara Agirre bitxigilea, Ilazki Lili Biziki markaren sortzailea, Maialen Irastorza Maixala markaren sortzailea eta ni neu. Postua jartzeak dakarren gastua elkarbanatzea zen asmoa, eta gustura geratu ginen emaitzarekin. Udan ere errepikatu egin genuen, eta epe motzerako zabaltzen diren pop-up erako dendak ireki genituen, Zarautzen eta Getarian. Hori horrela, emakume gehiago hasi ziren interesatzen egiten genuen horretan. Uda aurretik, Dinagu moduan zer egin genezakeen pentsatzen jarri ginen, zer eskaini genezakeen. Pentsatu genuen jendea herritik ezin zenez mugitu, guk egin genezakeela azoka ibiltaria. Gaur egun, lantaldean, Leire Aiartzaguena, Ehule; Karmele Salsamendi, Kool Studio; Maider Gaztelumendi, Luma moda etikoa; Agara Agirre, Biziki; eta Edur Kortabarria gaude.

Azpeitian egin zenuten lehenengoa?

Bai, uztailean Azpeitiko azoka plazan egin genuen lehen Nomadak Gaitun! azoka ibiltaria. Euskal Herriko emakume sortzaileak joan ziren, euren produktuekin. Gure asmoa da herriaren arabera hautatzea emakume sortzaileak. Gu ia beti egongo gara eta herriaren edo eskualdearen arabera aukeratuko ditugu gainerakoak.

Noiz egingo duzue hurrengoa?

Momentu honetan prestatzen gabiltza, eta gure asmoa da urrian Bizkaian egitea. Euskal Herriko lurralde historiko guztietan egin gurako genuke: Gipuzkoan egin dugu eta hurrengoa Bizkaian izatea gurako genuke. Azaroan Araban egingo dugu.

Nolako harrera izan du azokak?

Egun osoko egitaraua prestatu genuen. Emakume sortzaileen produktuez gain, Azpeitiko azokan emakume nekazariek euren espazio propioa daukate. Azoka plazak mahaiak eta sukaldea ditu... Egokia iruditu zitzaigun horrelako zerbait egiteko. Publikoaren aldetik erantzun oso ona jaso genuen. Azkenaldian, badago bertakoa kontsumitzeko nahia, eta jendea etorri zen ikusi eta erostera. Proiektu pertsonalak dira, txikiak, jasangarriak eta bertakoak.

Herritarren artean kontsumo eraldaketa sustatu nahi dugu.Zer eskaintzen duzue azokan?

Orain arte, ilustrazioak, moda, bitxigintza eta osagarriak jarri izan ditugu. Azpeitiko kasuan jakiak ere izan genituen emakume nekazarien eskutik. Egia da gaur egun sare sozialak aukera oso ona direla bezeroarengana iristeko. Baina azokak eskaintzen duten espazio fisikoak beste gertutasun bat ematen du, pertsonalagoa. Kontuan hartu behar da gutariko gehienok ez dugula espazio fisikorik, dendarik, gure produktuak saltzeko.

Nabaritu duzue kontsumo ereduan aldaketarik gertatu denik?

Bai, nik esango nuke gertatu dela aldaketa. Bertakoaren alde egiten hasi dira asko. Egia da low cost denden aldean lan handia egin behar dugula... Jendeak gero eta gehiago baloratzen du proiektu txikien atzean dagoen lana, eta horren alde apustu egiten ari gara bai sortzaile bai kontsumitzaile bezala.

Gaur egun, zein da zuen konpetentzia handiena?

Gure konpetentzia handiena munstro horiek maneiatzen duten low cost merkatua eta eskaintza dela esan daiteke. Gainera, nabarmendu behar da gure balioa dela guk ez dugula gure artean elkar lehia edo konpetentzia moduan ikusten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak