Edurne Ormaetxea: "Euskadiko txapelketan, tropelean ahalik eta gehien aguantatzea izango da nire helburua"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko uzt. 23a, 07:00

Txirrindularitza eta hockeya, biak ditu gustuko; eta, gaur-gaurkoz, biak praktikatzen ditu aramaioarrak. Txirrindularitzaren kasuan, Bergarako Lokatza elkartean dihardu aurten.

Nola gerturatu zinen txirrindularitzara?

Beti gustatu izan zait ziklismoa. Iaz hasi nintzen, Arrasateko taldean, baina pandemia egoera zela-eta ez genuen lasterketarik jokatu. Gainera, entrenatzaile barik geratu ginen eta Lokatzara etortzeko eskaintza jaso genuen.

Zeintzuek osatzen duzue taldea?

Hainbat kategoriatan dihardugun lau neska elkartu gara, eta Iker Sanchez eta Iñigo Larrañaga dira entrenatzaileak. Talde giro polita dugu eta gustura gabiltza. Gainera, lasterketetan parte hartzeko aukera daukat aurten. Hala ere, nabarmendu behar da entrenamendu asko nire kasa egiten ditudala.

Nola doa denboraldia?

Martxo inguruan hasi genuen denboraldia eta ordutik lasterketa mordoa jokatu ditugu; ez aste bukaera guztietan, baina bai askotan. Mutilekin egiten ditugun lasterketak Gipuzkoa aldean izaten dira gehienak; baina emakumezkoenak, Euskal Herri osoan... Eta kanpoan ere izan gara. Esan daiteke oraindik lasterketetara moldatzen ari naizela. Proba batzuetan aurrean ibili naiz, beste batzuetan ez hain aurrean... Sopelan zortzigarren izan nintzen.

Tropelean non jarri, inguruko bizikletak... Zaila egiten zaizu hori?

Ez, niri hori ez zait kostatu. Tropelean ondo moldatzen naiz. Gehiago kostatzen zait ihesaldiren bat dagoenean edo erritmo aldaketaren bat dagoenean horri eustea.

Txirrindulari moduan, zeintzuk dira zure indarguneak eta ahulguneak?

Batez ere, lautadetan eta aldapa motzetan ondo ibiltzen naiz, esprintean ere bai; aldiz, igoera luzeak direnean, kosta egiten zait erritmoari eustea.

Astean zehar zenbat saio egiten dituzu eta zelakoak izaten dira?

Lau edo bost entrenamendu egiten ditut, eta, normalean, aitarekin joaten naiz entrenatzera. Hala ere, taldekideekin elkartzen naiz, eta baita Nahia Garcia aramaioarrarekin ere. Aramaion non entrenatu badago: errepide lasaiak ditugu, baina baita aldapak ere.

Entrenatzeko, zeintzuk dira zure toki gustukoenak?

Kruzeta gustatzen zait, baina, egia esan, ez naiz askorik joaten. Etxetik irten eta berehala portua igotzea gogorra da; hala ere, behin igotakoan, goian gustura ibiltzen naiz.

Ziklismoan baduzu erreferenterik?

Ez, erreferentetik ez. Hala ere, Ane Santesteban oreretarra jarraitzen dut.

Emakumezkoen txirrindularitzan Ane Santesteban bidea egiten dabil. Orain arte, zaila zen emakumezkoak jarraitzea?

Egia esan, nik, iaz arte, ideiarik ere ez nuen. Ez baldin baduzu begiratzen... zaila da emakumezkoen ibilbidea jarraitzea. Orain arte, gizonezkoak izan dira erreferente.

Euskadiko errepideko txapelketa duzu asteburuan. Ze helbururekin joango zara?

Gaur, barikua, Bergarako San Martzial lasterketa jokatuko dugu, eta bihar, zapatua, Amurrion Euskadiko txapelketa. Tropelean joatea da nire helburu nagusia, eta bertan ahalik eta gehien aguantatzea. Erdialdean geratzea ez legoke gaizki.

Txirrindularitza eta hockeya egiten dituzu; nola moldatzen zara biak egiteko?

Oraingoz, biak egiten ditut: txirrindularitza eta hockeya. Ondo moldatzen naiz, ze bizikletarekin entrenatzera irteten naiz nik nahi dudanean. Hockeyko entrenamenduak izaten ditugu eguaztenetan eta eguenetan. Burdinola elkartean nabil. Lasterketa eta partidua egun berean izaten direnean, erabaki egin behar izaten dut zer egin, garrantziaren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak