Julen Arriolabengoa: "Pertsonen lekukotasunak ez baldin badira jasotzen, galdu egiten dira"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 18a, 08:00
Julen Arriolabengoa liburuarekin.

Ez jat garbatu liburua argitaratu berri du Julen Arriolabengoak; Julian Unzuetaren, etxeko osabaren, memoriak jasotzen ditu. Unzueta 2019ko maiatzean hil zen.

Ez jat garbatu liburuan Julian Unzueta osabaren memoriak jasotzen ditu Julen Arriolabengoa Unzueta aramaioarrak. Julian Unzueta Aramaioko alkate izan zen 70eko hamarkadan, eta herriko seme kuttun izendatu zuten 2017an. 124 orritan, baserri lanak, politika, 36ko gerra, errepresioa... Hainbat pasarte historiko jasotzen ditu liburuan Arriolabengoak.

Zer jaso duzu 124 orriko liburuan eta zergatik erabaki duzu idaztea?

Hitzaurrean esaten dudan moduan, gure memoria aberasteko, besteak beste. Azken finean, pertsonen lekukotasunak ez baldin badira jasotzen, galdu egiten dira, desitxuratu. Berak kontatzen zuena jasotzea izan da helburua, eta baita liburu forma ematea ere. Ez da erraza izan pertsona baten kontakizunei modu koherentean forma ematea. Pisu nabarmena zuen Julianek familian, eta baita Aramaion ere. Zeresana izan du herrian eta uste dut merezi duela horren testigantza uztea. Lan oso xumea da, argitalpen xumea; helburua ez zen argitalpena merkatuan jartzea.

Idazle moduan ez da argitaratzen duzun lehen liburua; bai, ordea, bereziena?

Pertsonalena bai. Osabaren irudiaren gainekoa da; osaba hil zen, eta, alde horretatik, pertsonalena da. Liburuko protagonista nagusia bera da, baina ni naiz entzulea, edo jasotzen duena. Nabarmendu behar da genero aldetik oso ezberdina dela orain arte idatzi izan dudanarekin. Fikzioarekin hasi nintzen orain dela urte mordoa, eta, gerora, saiakerarekin ibili naiz.

Liburuan Julian Unzuetaren hainbat pasarte jasotzen dira, memoria kolektiboaren parte direnak?

Bai, hori da. Hainbat pasarte daude memoria kolektiboaren parte direnak. Herriaren parte, azken finean. Politikari moduan bizitza oso xumea izan zuen, baina Euskal Herriko beste politikari askok bezala. Garai oso bereziak bizi izan zituzten, eta merezi du hori jasotzea, ikuspuntu horretatik. Herri mailako istorio horiek, bizipen horiek jasotzea merezi du. Kontuan hartu behar da memoria oso gauza pertsonala dela; horregatik, bere istorio horiek pertsonalak dira.

Ez jat garbatu da titulua. Julianek askotan erabiltzen zuen esamoldea da hori?

Askotan baino gehiago, egoerak eskatzen zuenean erabiltzen zuen esamoldea da ez jat garbatu. Izan ere, damutu hitzaren sinonimoa da eta hizkuntza aldetik Aramaion eta inguruan erabiltzen den hitza dela esan daiteke. Hemen kokatuko nuke esamoldea. Izan ere, Julianek beti izan zuen konpromisoa herriarekin, euskararekin, eta herriko euskararekin. Bestalde, gaineratuko nuke hizkuntza aldetik baduela ezberdintasuna damutu hitzarekin. Garbatu hitzaren adiera zibilagoa dela esango nuke; nik, behintzat, hala ikusten dut. Damutu hitzak badu bestelako kutsu erlijiosoago bat. Erabakiak hartu behar izan zituenean bati baino gehiagori ez zitzaizkion gustatuko; egoera horietan erabiltzen zuen Julianek esamolde hori.

Egungo egoeran ez da liburuaren aurkezpenik egingo, baina salgai da dagoeneko. Non eskura daiteke?

Liburuaren argitalpena dela eta, ez neukan ez aurkezpenik ezta zabalkunderik egiteko asmorik ere. Sare sozialetan eta ingurukoen artean zabaldu nuen liburua idatzi berri nuela; eta, modu horretan, Aramaioko Udaletik harremanetan jarri ziren nirekin, Julian herriko seme kuttun izanda merezi zuela udaletxean bertan ere liburua salgai jartzea. Hori horrela, argitaratu ditugun aleak salgai egongo dira, agortu arte, udaletxeko bulegoan, 10 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak