Ehiza debekatuta dagoen garaian ehiza-txakurrak aske ibiltzeko araudia prestatu nahi dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 17a, 18:00

Urdinez dagoen zatian arautu nahi dute aisialdi gunea.

Ehiza denboralditik kanpo txakurren aisialdirako gunea aratu nahi dute, Gantzaga eta Etxaguen gaineko mendi mugetan. Lur-jaberen batek arazorik badu udaletxean edo elkartean bertan adierazi beharko du ekainaren 30a baino lehen.

Oilogor elkarteak kudeatzen du Aramaion ehiza-barrutia. Eta, hain zuzen, ehiza garaitik kanpo ere txakurren aisialdirako gunea arautu nahi dute orain.

Ehiza debekatuta dagoen garaian basurdeek eta orkatzek sortzen dituzten arazoak saihestea izango da helburu nagusia. "Txakurrek ehiza-esparruan ibiltzeko baimena dute, baina ehiza denboralditik kanpo aisialdia ez dago araututa", azaldu du Oilogor elkarteko presidente Koldo Jauregik, eta gaineratu: "Iaz, Diputazioak aukera hori legeztatu egin zuen, eta orain egin behar duguna da arautu".

Gantzaga eta Etxaguen

Oilogor elkartearen asmoa da Gantzaga eta Etxaguen gaineko mendi mugetan egitea gune hori. "Bideetatik urrun izango da, eta erreserba guneetan ez da egingo", dio Jauregik. Gunea nola arautu erabakitzeko Foru Aldundiko basozainaren argibideak jarraituko dituztela dio. Jauregik azaldu du elkarteko kideek irtenbide moduan ikusi dutela txakurrak aske ibiltzeko aukera hori. Izan ere, elkartean, bazkideak eta gonbidatuak kontuan hartuta, 190 bat kide dira.

Arazoak arintzea da nahia

Basurdeek eta orkatzek sortzen dituzten arazoak gutxitu nahi dituzte arautegi berriarekin. Ehiza debekatuta dagoen garaian, tarteka bakarka txakurrarekin edo taldean txakurrarekin ibiltzeko aukera izango litzateke.

Informazio gehiago nahi duenak Oilogor elkarteko kideekin harremanetan jarri beharko du. Horrez gain, gune horretan lur-jaberen batek arazoren bat baldin badu ekintza bere lurretan egiteko, udaletxean edo elkartean bertan adierazi beharko du egoera ekainaren 30a baino lehen, eguaztena.

Oilogor elkarteak kudeatuko ditu auzotarren kexak.

Ehiza denboraldia

Aramaion ehiza denboraldia abuztu erditik irailera eta urriaren 12tik urtarrilera bitartean izaten da. Hala, arautegi berriarekin, ehiza denboraldi horretatik kanpoko egutegia arautzea da asmoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak