Idoia Asurmendi: "Piramidearen puntan dauden musikariek asko lagundu didate"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko mai. 29a, 09:10
Bilboko Euskaldunan egin zuten Gora bihotzak emanaldian. Argazkia: Fair Saturday

Abiada handian doan Aramaioko musikariak Ilun eta abar lana aurkeztuko du gaur, zapatua, 19:00etan, Arrasateko Amaia antzokian; sarrera guztiak agortuta daude.

Donostiako Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (Musikene) Musika Pedagogia ikasketen bigarren maila bukatu berri du Idoia Asurmendi Garciak (Aramaio, 2000). Etxeko instrumentuekin jolasean hasi zen haurra zela, eta, harrezkero, musika izan du zaletasun eta bidelagun. Musikari profesionala izateko bidean urrats garrantzitsuak egiten ari da; Ilun eta abar lehen lana argitaratu zuen apirilean, eta antzokiak betetzen ari da.

Zer moduz zaude?

Pozik; aste honetan amaitu ditut azterketak, eta lasaiago nago orain. Urte gogorra izan da: eskolako lanak, diskoa, kontzertuak... Musikenen gustura nabil, baina atseden beharra dut; izan ere, uda ere lanpetua izango dut, kontzertu askorekin.

Idoia Asurmendi musikaria Donostiako Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian. Argazkia: Idoia Asurmendi.

Musikenen ikastea gogorra da?

Beste edozein ikasketa bezala, esango nuke, nahiz eta egia den instrumentuarekin, nire kasuan pianorekin, ordu asko sartu behar direla. Musika Pedagogia ikasketetan ikasgai asko ditut, teorikoak batzuk eta praktikoagoak besteak; hortaz, liburu artean ere ordu batzuk egin behar izan ditut. Eskolako lanak bukatu ditugu, baina etxean lanean jarraituko dut, bereziki pianoarekin, irailerako prest izateko.

Eskola zurruna ematen du kanpotik; hala da barrutik ezagututa ere?

[Barre] Estetikoki serioa da, bai, beltza eta handia da eraikina. Musikariok diziplina handia dugu, eta hala izan behar duela uste dut; egunero lan egitea beharrezkoa da, baina, aldi berean, musikariok oso parranda-zaleak ere bagara. Instrumentuen ikasleen artean lehiakortasun puntu bat dagoela sumatzen da, eta hori ez zait gustatzen, baina zortea daukat, nire espezialitatean giro oso polita dugulako.

Ikasketak eta kontzertuak direla-eta lagunekin egoteko astirik baduzu?

Iaz, ez nuen oporrik izan, eta aurten, gogoa eta beharra dut atseden hartzeko; hortaz, egun batzuk gorde ditu kuadrillakoekin oporretara joateko, garrantzitsua da hori niretzako. Sare sozialetan egin zinen ezagun, 2019ko abuztuan, Berri Txarrak taldearen Katedral bat kantuaren bertsioarekin.

Espero zenuen geroago etorri den guztia?

Asmo handirik barik igo nuen bideoa, eta harrituta geratu nintzen izan zuen harrerarekin. Hari esker, proposamen asko egin dizkidate geroago; Fernando Velazquez konpositoreak, esaterako, hala ezagutu ninduen.

Azkeneko bi urteetan asko aldatu da zure bizitza; zertan, adibidez?

Aramaiotik Donostiara bizi izatera etortzea sekulako aldaketa izan da. Orain dela bi urte, Euskal Herriko Gazte Abesbatzan hasi nintzen, eta orduan hasi zen nire bizitza aldatzen. Lagun berriak egin nituen, eta lagun-talde horrek asko lagundu dit Donostiako etapa honetan; inguruan dudan jendea da orain gehien baloratzen dudana. Kutxa Kultur beka irabazteak ate asko zabaldu dizkit; pentsa, orain dela bi urte, Aramaion eta inguruetan beste talde batzuen bertsioak egiten nituen bakarkako akustikoetan, eta, gaur egun, areto handietan eta puntako musikariekin ari naiz.

Idoia Asurmendi: "Kutxa Kultur beka ezinbesteko laguntza izan da nire proiektua abiarazteko" 

Zertan eragin dizu 2019an jaso zenuen Kutxa Kultur bekak?

Azaroan eman zidaten, eta urtebeteko egonaldia izan da. Bekak aukera eman dit, batetik, Tabakaleran entseatzeko leku bat edukitzeko, eta diskorako laguntzatxo bat ere bai; baina, batez ere, bekak eskaini didan handiena, materiala baino gehiago, nire proiektua abiatzeko eman didan indarra eta bultzada izan da. Izena eman nuenean ez nuen oso argi zertan zetzan, baina eman zidatenean konturatu nintzen uste baino handiagoa zela. Hortaz, sekulako bultzada izan da!

Diskoa eskuetan duzula, kontatu zelakoa den.

Azken lauzpabost urteetan konposatutako zortzi kantu dira. Maria Oses arrasatearra ezagu-tu nuen institutu garaian, eta elkarrekin sortu genuen lehen kantua, diskoaren aurrerapen kantua izan den Aulki jokoa. Beste hainbat egin ditugu gero, asko gustatzen zait-eta elkarlanean sortzea, uste dudalako oso aberasgarria dela nire musikarako. Institutu garaiko lan baterako, 2017an azaroaren 25erako, Xabi Igoa Aramaioko bertsolariak idatzitako abesti bat ere badago, eta baita konfinamenduan sortu nituenak ere. Kantautore gisa definitzen dut neure burua; nire musika oso gardena dela uste dut. Doinuei dagokienez, denetarikoak daude: bossa nova, lo-kanta bat, orkestrarekin grabatutako beste bat... Sentsazio ezberdinak sortzen dituzten kantuak dira.

Banda bat izan duzu diskoan lagun, eta hala jarduten duzu zuzenekoetan ere. Zeintzuk dira?

Oriol Floresek (bateria, perkusioa), Joanes Ederrak (baxua eta kontrabaxua), Andoni Garciak (gitarra eta mandolina) eta Sergio Valdehitak (teklatuak) hartu dute parte grabazioan; eta zuzenekoetan, berriz, Karlos Aranzegi dago perkusioan eta Nacho Soto teklatuetan.

Beste kolaborazio batzuk ere izan dituzu diskoan. Zeintzuk?

Beak eta Nereak, nire bi ahizpek, hirurok elkarrekin sortu dugun Mundo al revés izenekoan abestu dute. Eñaut Elorrietaren ahotsa entzuten da 25. artikulua izenekoan, eta Fernando Velazquezek zuzendutako Euskadiko Orkestra, berriz, diskoa ixten duen Viejo refranero abestian. Kontzertuetan, diskodendetan eta Idoiaasurmendi.com atarian eros daiteke diskoa.

Piramidearen goialdean dauden euskal musikarien artean tokia egitea lortu duzu. Zer diozu?

Euskal Herria txikia da eta izen bat asko entzuten denean goialdean kokatzen da, baina sorpresa oso positiboa izan da euskal musikarien artean elkar zaintzeko sare bat osatuta dagoela ikustea. Hasi nintzenetik, esaterako, Izaro edozertan laguntzeko beti gertu izan dut; bere hastapenetan ez zuela ondo pasatu esan zidan, eta hasierako bidea erraztu nahi zidala. Olatz Salvadorrekin ere lotura handia dut, eta Eñaut Elorrietak ere asko lagundu dit; eta, duda barik, Fernando Velazquez konpositore eta Euskadiko Orkestrako zuzendariak ere izugarri. Nahiz eta piramidearen goialdean izan hurbilekoak eta lagunkoiak direla konturatu naiz, eta oso eskertuta nago!

Idoia Asurmendi: "Sorpresa oso positiboa izan da euskal musikarien artean dagoen sarea ezagutzea"

Ez da samurra izango hankak lurrean izatea. Zelan kudeatzen dituzu emozio horiek guztiak?

Barruko ezinegona gauza txarrek bakarrik eragiten digutela uste dugu, baina gauza positiboak ere arriskutsuak izan daitezkeela ohartu naiz. Poliki-poliki, sentimenduak kudeatzen ikasten ari naiz, eta, horretarako, familiaren eta lagunen laguntza ezinbestekoa dut. Hegaz ikusten banaute zaplazteko batekin lurrera jaisteko eskatu diet. [Barre]

Ze sentsazio duzu Arrasateko kontzertuaren bezperan?

Urduri eta oso gogotsu nago; areto berezia da niretzat. Bete egingo da. Ezin gehiago eskatu!

Asurmendi eta taldekideak, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Argazkia: Eider Ballina.

Musikari eskarmentudunak alboan

Aretoaren arabera, askotariko emanaldiak egiten ditu. Aurreko astean, akustikoan eskaini zuen, Joanes Ederrarekin; gaur, zapatua, Andoni Garcia, Karlos Aranzegi eta Nacho Soto ere Amaia antzokiko taularen gainean izango ditu Asurmendik lagun.

Bea Asurmendi: "Zutaz harro! Aurrera, Ido!"

Gure Ido, etxeko txikiena, nahiz eta ez hain txikia dagoeneko. Ze polita izaten ari den zu hazten ikustea, biak, pertsona eta musikari moduan. Zutaz harro lortzen ari zaren denagatik, baina, batez ere, zure ibilbidea zure erara eta etxean erakutsi dizkiguten pasioaren eta umiltasunaren balioetatik eraikitzeagatik. Opari bat da niretzat, zure ahizpa nagusi bezala, zuk ere musikaren ibilbidea aukeratu izanaren kulpa horren parte izatea.

Azken hilabeteotan zure kontzertuetan gorputzez ezin egon, baina bihotzez bai, baita biharko handian ere. Aurrera, sister!

 

Asurmendi, maiatzaren 22an Otxandixon eskaini zuen kontzertuan. Argazkia: Miren Ibabe.

 

 

 

Erlazionatuak

Idoia Asurmendi Amaia antzokian izango da zapatuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021 mai 28 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak