Manex Agirrek eta Martin Abarrategik, 828 puntu eskuratu dituzte. Iñaki Viñasprek eta Unai Andak, 820 puntu; eta Oihane Pereak eta Manu Bendalak, 816 puntu.
Manex Agirre: "Oholtzara gu igotzen gara, baina, bertso eskolako talde lana dago atzean"
Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako biharamunean, "pozik" agertu da Manex Agirre bertsolari aramaioarra egindako lanarengatik. Txapelketak izan duen formatua izan du hizpide, besteak besteak: "Hasieran kosta egin zitzaigun txapelketan sartzea. Zati baten formatu berriagatik izan da, edozein berrikuntzak duelako egokitu beharra. Orain arte, bakarka edo taldeka aritu izan gara, eta hau tarteko zerbait izan da, berezia. Bestetik, izan dugun egoera ere berezia izan da. Hala ere, saioak aurrera egin ahala, gero eta erosoagoa aritu naiz. Parte hartzeko modu honek ere onurak dituela ikusi dut, eta Martinekin ere oso ondo eta gustura aritu naiz. Aramaioarrak izanda, aspalditik ezagutzen gara, eta konplizitatea dugu. Amaiera ona izan da, beraz ez gara kexatuko".
Ospakizunari dagokionez, egoerak hala behartuta, lasai ospatu duela adierazi du Agirrek: "Legution zerbait hartu genuen elkarrekin, eta gero bakoitza bere bidean. Nik haur txikia dudanez etxera joan nintzen familiarekin ospatzera. Martinek, aldiz, beste familia egoera bat du, eta beste modu batean ospatuko zuela uste dut…".
Bertso eskolari ere keinua egin gura izan dio, eskerrak emanaz: "Aipatzea gura nuen, sentsazioa dudalako bertso txapelketa erakusleiho bat dela, jende askorengana iristen dena, eta askotan ezkutuan geratzen da atzean dagoen egitura, nola antolatzen garen… Esaterako, orain ondo gaude, baina txapelketa hasi genuenean, itxiera perimetralak martxan zeuden…, eskerrak bertso eskola genuen. Gure kasuan, ez dugu arazorik izan, baina, bikote batzuk herri ezberdinetakoak izanda arazoak izan dituzte akaso, herri ezberdinekoak izanda, ezin elkarrekin entrenatu. Guk hala ulertzen dugu egiten duguna, eta agian jendeari esan behar zaio. Gu oholtza gainera igotzen gara, baina, atzetik, bertso eskolan talde lana dago; beste modu batean ulertzen dugu hau".
Zorion mezuak ere eman izan nahi ditu Manex Agirrek, batez ere, hain beterano ez diren horiei: "Batetik, Martini. Bere lehenengo txapelketa izan da, oso gaztea da, eta izan duen segurtasuna, ideiak, gauzak esateko modua… asko gustatu zait. Besteena ere berdina esango nuke. Hiru bikote aritu gara, eta horietatik hiru beterano gisa hartuko gaituzte, baina, Unai Anda, Manu Bendala eta Martinek agian ez dute hain ibilbide luzea bertsoetan, eta uste dut euren txapelketa izan dela. Bertsoetan oso ondo egin dute, eta, bereziki, eurentzat zorionak".
Txapeldunen bukaerako agurrak
(Iturria bertsozale.eus):
Manex Agirre Arriolabengoa:
Abarrategi Sarrionandia
a ze bertsolari saga
ta a ze poza txapel bat doa
behingoz Uxarko salara
nirea berriz bidali nahi dut
gure bertso eskolara
pandemiaren erantzun gisa
ere balio du hara
hemen ezin da funtzionatu
taldean ez baldin bada
Martin Abarrategi Sarrionandia:
Nahi ta tabernan egongo ziren
hemen baino askoz hobeto
eta pare bat aharrausi egin
gure bertso bakoitzeko
egia esan bai harro nago
kuadrillakoek 15 pabo
zer eta ni entzuteko
aupa Manex bi izan gara
gurdipea bultzatzeko
eta txapel bat dugu buruan
egiten duguna tarteko
banatu nahian gure txapela
beharko ditut konpas ta erregela
bateko eta besteko
asko baitut eskertzeko