Hiru korronte ideologikoren puntu komunak aztertu, jendartea eraldatzeko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mai. 14a, 08:00

Ingurumen, Euskara eta Berdintasun teknikariak.

Gorbeialdeko kuadrillako Euskara, Ingurumen eta Berdintasun zerbitzuek Bide argiak jardunaldia antolatu dute, eta Euskalgintza, feminismoa eta iraunkortasuna eraldaketa sozialerako gai moduan aurkeztu. Maiatzaren 21ean izango da jardunaldia, kultura etxean.

Gorbeialdeko Kuadrillako hiru zerbitzuk elkarlanean antolatutako jardunaldia izango da Aramaion maiatzaren 21ean. Bide argiak jardunaldia kultura etxean egingo dute, 17:30ean.

Sarrerak aurrez erreserbatzea eskatu dute, entradium.com atarian.

Euskara, Ingurumen eta Berdintasun zerbitzuek antolatutako jardunaldia izango da. Hain zuzen ere, helburua da herritarrak eta administrazioak gogoeta egitera gonbidatzea; hiru korronte ideologiko horien puntu komunak aztertu, eta jendartea eraldatzeko indar bezala aurkeztea.

Hiru gonbidatu

Horretarako, hiru hizlari gonbidatu dituzte: Lorea Agirre, kazetaria eta antropologoa formazioz, euskalgintzan ibilbide luzea egindakoa; Mikel Otero, militante aktibista eta egungo legebiltzarkidea; eta Ainhoa Olaso, Bilgune Feministako kidea.

"Euskara, Ingurumen eta Berdintasun teknikariak bildu ginen pentsatzeko zeharka nola landu daitezkeen gai hauek administrazioan", dio Jone Unzagak, Berdintasun teknikariak. "Askotan, zailtasunak izaten ditugu gure ikuspegia beste zerbitzu batzuetan txertatzeko; adibidez, Hirigintzan", gaineratu du. Horrez gain, eurek ere gaia lantzeko erremintak behar dituztela esan du.

Zer eskainiko duzu Aramaioko jardunaldian?

Mikel Otero: "Planetan bizitza posible egiten dituzten baldintza ekologikoak egoera larrian daude. Klima larrialdiak arreta berezia jaso badu ere, bioaniztasunaren, hainbat baliabide kritikoren, uraren edo lur emankorraren egoera ez da hobea, eta guzti honek gure zibilizazioa ispiluaren aurrean jartzera behartzen du. Egoera eraldatzeko gaitasunik ezean, planetaren mugekin hasia den talkak etorkizun iluna irekiko du, igarobidean mamu politiko eta sozialekin topo egiteko arrisku handiarekin. Mundu mailako erronka izanik ere, Euskal Herriko egoeraren ezaugarritze propioa egin beharrean gaude, gure metabolismo sozial eta ekonomikoak mundu-sisteman duen lekuaz hausnartuz eta iraunkortasuna bermatzeko ezinbestekoa den eraldaketarako traba eta potentzialen gakoak aztertuz. Arriskuz betetako abentura kolektibo batean murgiltzeko atarian gaude, saia gaitezen herri inteligentzia kolektiboa askatzen, beranduegi da eta pesimismoarentzako".

Ainhoa Olaso: "Bilgune Feministaren sorreratik hausnarketa eta praktiken birformulatze etengabe batean ari gara. Borroken arteko konfluentzia eta aliantza ezberdinak egitea ezinbestekotzat dugu, bakoitzak bere posizio eta errealitateetatik baina elkarri begiratuz eta errekonozituz.  Azken urteetan Euskal Herriko Mugimendu Feministan eman diren interpelazioetatik, espazio anitzetan euskararen inguruan ematen diren gatazketatik, edota osasun eta zaintza krisiaren kudeaketaren aurrean hainbat eztabaida prozesu jarri ditugu martxan Bilgune Feministan. Momentu honetako erronken artean identifikatutako gakoak azaltzen saiatuko naiz".

Lorea Agirre: "Eraldaketa soziala eta euskararen biziberritzea. Aniztasunaren galera arrisku handi bat da egun munduan. Aniztasuna bioaniztasun gisa;  aniztasuna, hizkuntza, kultura eta herrien ugaritasun gisa; eta aniztasuna, bizimodu eta identitate askotarikoen gisa. Hiru eremu horiek, elkar lortuta daude hainbat ertzetatik. Bioaniztasunaren galera eta egun bizi dugun krisi ekologikoa, munduko hizkuntzen desagerpen prozesu gero eta azkarragoa eta identitate eta praktika binario eta heteroaraukoen beharrezkotasun gero eta bortitzagoak nagusiki eragile nagusi bat eta berbera dutelako: gero eta indar handiagoa duen muturreko kapitalismo globala. Ustiaketaren eta etekin ekonomikoen praktika eta antagonismoa oinarri duen pentsamendu menperatzailea, hain zuzen. Erregimen horren azpian aniztasunak ez du lekurik. Horregatik, pentsa liteke hizkuntzaren biziberritzea halabeharrez joan beharko dela gizartearen eta naturaren biziberritzearekin batera. Bestela esanda, euskarak etorkizunik badu elebakartasun eta uniformizazio kulturala oinarri duen gizarte eredu honetan? Esan daiteke euskararen beraren defentsa eta praktika neoliberalismoaren aurrean galga bat dela, indibidualismoari txertoa, esate batera. Euskararen biziberritzea, beraz, berez dela eraldaketa sozial emantzipatzaile baterako –­berdintasuna eta justizia soziala helburu duena– tresna. Horrela izan dadin euskara despatriarkalizatu eta desliberalizatu egin beharko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak