Bertako zein kanpoko ekoizleek aramaioarren eskura jarri dituzte haien produktuak

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 8a, 19:52

Lorabarri Azoka egin dute gaur, zapatua, Aramaion eta eguraldia lagun, herritar ugari gerturatu da Bizente Goikoetxea plazara. Bertako zein kanpoko askotariko produktuez gain, bigarren eskuko azoka ere egin dute eta Irati Garaitonandia gaztearen gurpil-aulki berria ordaintzen laguntzeko postu bat ere egon da.

Irati Mujika Lorabarriko antolatzaileak azaldu duenez, Aramaioko ekoizleak lehenesten dituzten arren, Euskal Herriko toki desberdinetako ekoizleak ekartzen ere saiatzen dira beti, eta Ekonomatoan haien produktuak edukitzen. Gainera, nabarmendu du ekoizleek eskertzen dutela aukera eman izana. "Guztia digitala eta online bihurtzen ari den honetan, zorionez online ezin dugu jan ezta ekoiztu ere, eta ekoizleen eguneroko lana aitortzeko modu bat ere bada azoka, guztiok jabetzeko gure osasuna eta ingurumena zaintzeko nolako lana egiten duten ekoizleek".

Bestalde, garun paralisia daukan Irati Garaitonandia hamaika urteko aramaioarrari laguntzeko postu bat ere jarri dute. "Hazi egin denez, gurpil-aulkia aldatu egin diote eta dirutza balio duenez, dirua lortzeko ekintzak abiatu ditugu. Zozketa batzuk egin genituen eta gaurkoan, Lorabarri Azokarekin batera, postu bat jarri dugu, berak egindako marrazkiez gain, poltsak eta bestelako materiala ere salgai jarriz", azaldu du postuan egon den Ainara Inuntziagak.

Horrez gain, eolikoen gaiaren harira, herritarrek sinadura emateko aukera ere izan dute, Arabako Foru Aldundiak interes publikoko gune izendatzeari alegazioa aurkezteko. Izan ere, Aramaioko Udalak alegazioa aurkeztuko du eta herritarrei ere aukera eman diete horrekin bat egiteko.

Azkenik, Lorabarri Astea ondo doala adierazi du Mujikak. "Asteartean hasi ginen. Bi hitzaldi izan ditugu; atzo parkean egon ginen umeen azalpenak entzuten; azokara jendea gerturatu da eta eskaintza zabala eduki dugu, gainera, eta bihar dokumental emanaldia izango dugu, Ane Gorosabelekin solasaldian".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak