Ane Gorosabel: "Emakume baserritarren esperientzia jaso nahi izan dugu dokumentalean"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mai. 8a, 18:00

Sorginatxurrak taldeko kideak, dokumentala egiten.

Sorginatxurrak taldeak egindako Erroa eta geroa dokumentala eskainiko du Ane Gorosabel arrasatearrak, domekan, 19:00etan, kultura etxean. Belaunaldi askotariko emakume baserritarrak dira filmeko protagonistak: euren esperientzia jasotzea izan da helburua.

Ze helbururekin egin zenuten Erroa eta geroa filma?

Belaunaldi askotariko emakumeen esperientziak jaso gura genituen. Dokumentalean agertzen diren baserritarrak dira 30 urtetik 90 urte ingurura bitartekoak. Landa eremuan belaunaldi horietan izan den eboluzioa erakutsi gura genuen. Emakume horiek lehen planora ekarri gura izan ditugu, baina ez bakarrik euren lana azaltzeko; euren bizipenak eta sentimenduak azaltzea izan da helburua.

Esan daiteke bigarren planoan geratu direla emakumeak baserri munduan?

Bai, hori baita, baina, batez ere, baserri mundua idealizatuta dagoela uste dugu. Gura izan dugu euren esperientzia jaso, esan bezala, sentimenduetatik berba egin.

Zer eskainiko duzu domekan?

Lehenengo, dokumentala aurkeztuko dugu. Orain dela urtebete eskaini gura genuen, baina, orduan ezin izan zenez, domekan eskainiko dugu. Azalduko dut zer egin dugun eta zergatik. 30 minutuko iraupena dauka dokumentalak. Ondoren, solasaldi txiki bat egin gurako genuke ikusleekin. Sorginatxurrak taldetik bakarrik joango naiz, baina saiatuko naiz Aramaioko baserritarren bat era-maten.

Zenbat emakume baserritar elkarrizketatu zenituzten dokumentala egiteko?

Hamahiru emakume elkarrizketatu genituen; horien artean, Debagoieneko lau daude. Gainerakoak dira arabarrak, bizkaitarrak, Iparraldekoak... Nafarroa geratu zaigu alde batera.

Dokumentala aurkezten duzuenean, zer erantzun jasotzen duzue jendearen partetik?

Erantzun ona izaten da. Dokumentalak hainbat gai jorratzen ditu eta esan daiteke ikuslea apelatua sentitzen dela. Eztabaida politak sortzen dira emanaldiaren amaieran.

Azken urte hau zaila izan da. Nola bizi duzue baserritarrok pandemia egoera hau?

Pandemiak jo zuenean, sustoa izan genuen, Jaurlaritzak, segurtasunaren izenean, azokak itxi zituen eta. Hala ere, hainbat eragileren eta herritarren lanari esker azokak berriro ere zabaldu ahal izan dira, eta zuzeneko sal-mentara itzultzeko aukera izan dugu. Esan daiteke jendeak jarraitu egin duela bertakoa kontsumitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak