Paula Amilburu: "Abesteko gogotsu nago"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko api. 16a, 12:00

Belaunaldien arteko saretzea izan nahi duen I. Señora sariketa hasiko dute zapatuan, Aramaioko kultura etxean.

Emakume bertsolarien saretzea eta ahalduntzea lortzeko jarri dute abian lehiakortasuna alde batera utzi eta bertsolariak eroso sentiaraziko dituen plaza bilatu nahi duen lehiaketa. Sariketa Aramaion hasiko da. Bihar, zapatua, izango da lehenengo saioa, 17:00etan, kultura etxean.

Bertsotan arituko dira Haizea Arana eskoriatzarra, Oihane Perea, Itsaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Alazne Unzalo. Gai jartzaile lanetan, berriz, Ainhoa Urien ibiliko da. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian edo leihatilan eros daitezke, 5 euroren truke.

Plazetara iristeko aukera

Maider Arregi bertsolaria da ekimenaren antolatzaileetako bat: "Gazteak garenean sariketa askotan parte hartzen dugu, eta, broma moduan, horrelako sariketa bat egin beharko genukeela esan izan dugu. Bada, azkenean, forma eman diogu". Belaunaldien arteko saretzea izango da helburuetako bat: "Saiatu gara belaunaldi ezberdinetako bertsolariak elkartzen. Gazteen sariketetan bertsolari gazteak elkartzen dira, baina identifikatu dugu behin adin batetik aurrera plazetara iristea zailagoa dela".

Bertsolarien ahalduntzea ere bada bilatu nahi dutena; eta, hain zuzen, señora berbak emakume indartsu bat, ahaldunduta dagoena, esan nahi duela dio Arregik. Ohiko lehiakortasuna kendu nahi zaio sariketari: "Lehiakortasun barik, umore giroan kanta dezatela nahi dugu. Plazara irtetea gozamena izatea bilatu nahi dugu". Hain zuzen, azkenaldian plaza kopurua asko jaitsi delako garrantzitsua dela sariketa antolatzea aldarrikatu du Arregi bertsolariak.

Paula Amilburu, Mutrikun

Bi saio izango ditu sariketak, eta bigarrenean parte hartuko du Aramaioko bertsolari bakarrak, Paula Amilburuk: "Pentsatzen dut sariketa polita izango dela. Ni gogotsu nago abesteko; izan ere, pandemia honekin, denboratxo bat noa kantatu barik". Apirilaren 24an izango da Mutrikuko saioa, Kalbaixo ermitan. Hantxe izango dira, baita ere, Debagoieneko Oihana Arana eta Ainhoa Agirreazaldegi.

Finalerdi bakoitzetik bi bertsolari sailkatuko dira finalerako. Gainera, finalerako zuzenean sailkatuko dira ohorezko señora bi –ezin dute oraindik izenik aurreratu–. Finala Lesakan izango da, maiatzaren 8an, Arranoko terrazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak