Aramaioko Udalbatzak 1.817.895,65 euroko aurrekontua onartu du ezohiko osoko bilkuran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mar. 31a, 13:16

Martxoaren 30ean egindako ezohiko osoko bilkura.

Aramaioko Udalbatzak 1.817.895,65 euroko aurrekontua onartu du 2021erako. Iazko hasierako aurrekontuarekin alderatuta %6,17ko jaitsiera izan du aurtengoak. Udal gobernuaren proposamenak aldeko 7 boto izan zituen; EAJko bi zinegotziek kontra bozkatu zuten.

Atzo, martitzena, egin zuten ezohiko osoko bilkura Aramaion. 2021erako aurrekontua onartu zuten aldeko 7 botorekin eta kontrako birekin.

Sarreren atalean, jaitsiera nabarmenena Fofeletik jasotako sarreretan eta kapital transferentzietan izango dute, dirulaguntza gutxiago jasotzea aurreikusten dutelako. "Sarrerak asko jaitsi dira egoerak hala behartuta. Egokitu dugu aurrekontua, sarrerak eta gastuak berdinak izateko. Baina, soberakin ona daukagu eta likidazioak ere ona izan danez gure asmoa da inbertsioetan txertatzea", azaldu du Lierni Altuna alkatea.

Aurrekontua behin onartutakoan –ALHAO-n publikatu eta 15 egunez ikusgai egon ondoren– soberakinetik dirua jasoko du eta hor txertatuko dituzte inbertsioak. Inbertsio aipagarriena, Nardeaga kaleko eta Pedro Ignazio Barrutia kaleko bidegurutzean irisgarritasuna hobetzea da. "Eskola umeek egindako eskaera, parkean aldaketa batzuk... baditugu beste inbertsio batzuk ere baina dena kolpean ez dugu gastatuko", dio.

Kiroldegiko proiektua

Plan Foralak emandako proiektua da kiroldegikoa. Aurtengo urtea hartuko dute proiektua antolatzeko eta ikusteko eguzki plakak gehitu dezaketen edo ez. Datorren urtean aterako litzateke lehiaketara.

EAJ kontra

EAJko bi zinegotziek aurrekontu proposamenaren aurka bozkatu zuten. Pedro Elosegik azaldu zuen zergatia: "Uste dugu onartu den aurrekontua ez dela tresna ekonomiko ona Aramaiorendako. Uste dugu inbertsioak egiteko unea dela, Jaurlaritzak gehitu ditu inbertsioak, Aldundiak gehitu ditu inbertsioak... Aramaioko egoera ekonomikoa oso ona da. Ezinbestekoa da inbertsioak egitea, zorra zero da. Zorra eskatzeko aukera daukagu; krisi egoera momentu egokia da inbertsioak egiteko".

Lierni Altuna alkatearen erantzuna: "Iritzi kontua da. Egin dugun lanarekin aurrezpena daukagu eta horrekin egin daitezke inbertsioak. Gauza askotan Foru Aldundiaren menpe gaude eta, askotan, arazoak ditugu Foru Aldundiarekin biltzeko. Finantziazio minimo bat lotu barik ezin dugu erresidentzia bat planteatu. Beharbada, egin egin daiteke, baina urteroko gastuak ditu horrek ondoren... Udaletxe txiki bat gara eta aurrekontu txiki bat dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak