Beñat Mendiburu: "Erregulatu dugu ze baserritan eraiki daitekeen eta nola"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mar. 26a, 10:24

Beñat Mendiburu udal arkitektoa.

Aramaioko udaleko arkitektoa da Beñat Mendiburu. Azkenaldian, auzoetako plan bereziekin buru-belarri dabil lanean. Sei aurkeztuta, beste bostak egiten dabiltza orain.

Landaguneetako plan bereziak jendaurrean daude, beharrezkoak diren alegazioak jartzeko. Udal arkitektoaren aholkua da bigarren dokumentuko 10-16. artikuluak begiratzea.

Auzoetako plan bereziak ikusgai daude. Jendeak deitzen du?

Auzo bakoitzeko antolamendu konkretua jasotzen du dokumentuak; hala, norberaren partzelari edo baserriari eragiten dionez, jende dezente ari da deitzen. Hirigintza dokumentuak ez dira erraz ulertzen; badaude ulertzen dutenak, horiek gauza zehatzak galdetzeko deitzen dute; baina gehienek galdetzen dute nola eragingo dien eurei. Esan behar da gehiengoari ez diola askorik eragingo plan bereziak.

Beharrezkoa da horrelako plan bereziak egitea?

Hirigintza legediak sortzen duen beharra da; EAEn 2006. urtean onartu zen lehenengo aldiz Hirigintza Legea. Ordura arte, funtzionatzen genuen Estatuko legearekin. Lege horretan ezartzen da auzo hauetako kasuistika bereziaren arautegia. Auzo hauek dira landa-lurrean dauden auzoak; berez, landa-lurrean ezin da eraikin berririk egin, ez baldin badago lotuta abeltzaintza edo nekazaritza ustiapen profesional bati. Baina halako auzoek daukate landagune izaera, hirigintza legediak ematen dien izaera berezia da hori. Izaera horren arabera, bertan etxebizitza berriak eraiki daitezke, familia bakarreko eraikinak. 2006. urteko legeak esaten du udal arauak egokitu egin beharko direla lege horretara eta jaso beharko direla auzo horietako ordenazioak; hori egin genuen Plan Orokorraren bitartez, 2017an. Horrez gain, esaten du antolamendu xehakatua plan berezien bitartez arautu beharko dela. 2017ko Plan Orokorrak zehazten du ze lursailetan eraiki daitekeen; eta orain, plan berezi hauek egiten dutena da erabaki nola eraiki daitekeen. Gainera, dagoeneko dauden eraikinekin zer gertatzen den zehaztu behar da: hain zuzen ere, baserriak daude, 1950. urtea baino lehen eraikitakoak; eta baserriak ez direnak daude, txaletak deiturikoak.

Hirigintza legedia ezberdina da bi kasu horietan?

Hirigintza legeak baimentzen du baserrietan handitzeak egitea, edo baserri barruan etxebizitza gehiago antolatzea; baina txaletetan, ez. Plan berezi honek hori ere erregulatu behar izan du. Erregulatu dugu ze baserritan eraiki daitekeen eta nola, eta gainerako eraikinetan ez da baimentzen handitzerik. Horrek nahiko harrabots sortu du; izan ere, txaletetan bizi den jendeak ez du begi onez hartu.

Zeintzuk dira Aramaiok dituen lehentasunak?

Hirigintzaren ikuspuntutik, momentu honetan, sei auzotako plan bereziekin gabiltza, eta gainerako bost auzoetakoak ere idazten hasi gara dagoeneko. Horrez gain, martxan daukagu gune historikoko Plan Berezia egitea. Indarrean dagoena 1996. urtekoa da. Hori errebisatu egin behar da; izan ere, zaharkituta geratu da, patrimonioaren ikuspuntutik araudi berria sartu da. Azkenik, abian daukagu Plan Orokorrari aldaketa puntual bat egitea.

Etxebizitza berriak eraikitzeko gunerik badago?

Bai; hori sartuta dago Plan Orokorreko aldaketa horretan. Kostatzen ari zaigu aldaketa hori aurrera eramatea, Ur Agentziarekin daukagun arazo bategatik.

Aramaiok duen auzo izaerak berezi egiten du hirigintza?

Berezi eta zail, hein batean. Kasuistika oso konkretuak sortzen ditu. Herriguneko arautegiaz gain, hamaika auzo dauzkagu, Oleta ere badago... Konplexutasuna ematen dio, baina, era berean, aberastasuna ere ematen dio izaera horrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak