Aramaioko Eguneko Zentroko erabiltzaileek jaso dute txertoaren lehenengo dosia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mar. 18a, 09:09

Aramaioko Eguneko Zentroan txertoa jartzen. Argazkia: Karmele Barrutia.

Aramaioko zentroan zortzi nagusi daude gaur egun; horietatik seik jaso zuten Pfizer etxeko txertoa, atzo, eguena. Zentroko langileak ere txertatuta daude. "Pozik" hartu dute txertoa, eta euren itxaropena da aurrerantzean harremanak lasaiagoak izatea.

Aramaioko Eguneko Zentroko erabiltzaileak atzo txertatu zituzten: Arabako Foru Aldundiko profesionalak etorri ziren, eta Pfizer txertoa jarri zieten sei erabiltzaileri. Modu honetan, lehenengo dosia jasota, bigarrena noiz jasoko zain geratu dira Aramaioko Eguneko Zentroan.

Sei txerto

Eguneko Zentroko arduradun Karmele Barrutiak azaldu du atzo sei izan zirela txertatuak: "Eguneko Zentroak zortzi erabiltzaile ditu gaur egun; baina horietatik batek pasa du COVID-19 gaixotasuna eta beste bat dagoeneko txertatuta dago". Gainera, kontuan hartu behar da Pfizer etxeko txertoa sei dosiko potetxoetan datorrela; hau da, pote bakoitzetik sei txerto ateratzen dira. Txertoa jasoko duten sei pertsona egon behar dira potea zabaldu ahal izateko; ez badaude txertoa jasoko duten sei pertsona, ez dute poterik zabaltzen. Eguneko Zentroko langileak aurrez txertatuta daude, Aztra-Zeneca txertoarekin.

Itxaropena txertoan

Orain dela bi edo hiru aste bidali zuten Eguneko Zentroko langileek dokumentazio guztia Aldundira: "Erabiltzaileek baimena sinatu behar dute txertoa jaso ahal izateko". Horrez gain, bete beharreko protokolo bat ere badago: "Erabiltzaileen datuak jasotzen dituzte, euren osasun egoera zein den, alergiarik duten. Protokoloak eskatzen duen informazio guztia jaso, eta Aldundira bidali genuen". Bai langileak eta baita erabiltzailek ere pozik daude txertaketarekin: "Bai, esperoan daude, pozik!".

Barrutiak nabarmendu du txertoan daukatela itxaropena jarrita eta espero dutela poliki-poliki egoerari buelta eman eta lehenera itzultzen joatea. "Hor dugu esperantza jarrita: egoerari buelta eman eta, behintzat, beldurra kendu gurako genuke". Beldurra kentzeaz gain, Eguneko Zentroko erabiltzaileek dituzten harremanetan ere eragingo duela uste dute: "Bai, buruan daukaguna da ea erlaxatzen garen, euren arteko harremanetan eta familiarekin duten harremanetan ere eragina izango du horrek". Izan ere, orain arte, harreman horiek kontu handiarekin izan dituzte, elkar zaintzen... eta, aurrerantzean, erlazio horiek goxoagoak izatea espero dute.

Urteko balorazioa

Orain urtebete, ateak itxi behar izan zituen Aramaioko Eguneko Zentroak –beste guztiek bezala, egoerak behartuta–: "Zentroa itxi genuen, baina zerbitzua ematen jarraitu genuen". Langileak eta erabiltzaileak kalean elkartzen ziren, eta bisitak egiten zituzten. Ekain erdialdera hasi ziren berriro ere %100ean zerbitzua eskaintzen zentroan. "Ordutik, ez dugu beste itxierarik izan. Zabalik izan dugu zentroa, eta zerbitzua eskaini dugu", dio Barrutiak. Egunerokoan, baina, izan dituzte aldaketak. Segurtasun eta higiene arauak bete behar izan dituzte, protokoloak eskatzen duen moduan: "Mahaien arteko distantziak zaindu behar izan ditugu, eskuak garbitu, erabilitako material guztia garbitu, komunak erabilera bakoitzeko garbitu...". Horrez gain, adinekoekin egiten dituzten jarduerak ere indibidualagoak dira. Beste itxierarik ez izatea onuragarria izan da bai lan dinamikarako eta baita nagusien euren egoera emozionalerako ere.

Gainera, erabiltzaile bakarrak pasa du COVID-19 gaitza, azaroan, hain zuzen: ondo pasatu zuen, eta berriro bueltan da egoitzan. "Sei hilabete baino gutxiago pasa direnez, ez dute txertatuko; hori da protokoloa", dio Barrutiak. Lan egiteko beste modu batera egokitu behar izan dute Eguneko Zentroan; baina lanean jardun dute betiko gogo eta ilusioarekin.

Euren kabuz baliatzen direnak

Aramaioko Eguneko Zentroak pertsona autonomoak hartzen ditu, edo lehenengo graduko dependentzia maila dutenak. Egun, zortzi plaza ditu, eta guztiak beteta daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak