Leire Espinosa: "Epe motzera, txiki gera daiteke Aramaioko eguneko zentroa"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ots. 26a, 09:16

Leire Espinosa Aramaioko udaletxeko bulegoan.

Gorbeialdeko kuadrillako hiru udalerritan eskaintzen du zerbitzua Leire Espinosak: Arratzua-ubarrundian, Legution eta Aramaion. Bulegoko ateak zabalik ditu herritarrendako.

Dagoeneko hamahiru urte bete dira Leire Espinosa Aramaioko gizarte laguntzaile lanetan dabilela. Eguaztenetan eta barikuetan egoten da Aramaioko udaletxean, eta gainontzeko egunetan telefonoz eskaintzen du zerbitzua. Nagusiekin lotutako gaiak izaten ditu, nagusiki.

Zein da Aramaioko gizarte zerbitzuen egoera?

Egunerokoan, batez ere, jende nagusiarekin lotutako gaiak kudeatzen ditut; jende nagusi asko dago, eta errekurtso horiek kudeatzen ditut. Eguneko zentroa, dependentzia legearekin zerikusia dutenak...

Eguneko zentroak ze behar asetzen ditu Aramaion?

Eguneko zentro berezia da Aramaion daukaguna; hau da, eguneko zentrora joan daitezke bere kabuz dabiltzanak, autonomoak, edo lehenengo graduko dependentzia maila dutenak. Bigarren edo hirugarren mailako dependentzia gradua dutenak, berriz, Arrasateko Aita Mennira bideratzen ditugu. Pertsona nagusi horiek euren kabuz irten daitezke, euren kabuz gauza asko egiteko gauza dira... Horren arabera, eguneko zentroko langileak euren egoerara egokituta daude.

Noiz jarri zen martxan eguneko zentroa?

2011n zabaldu zen, eta gaur egun zortzi pertsona daude. Nabarmendu dudan moduan, pertsona autonomoak direnez, eurekin langile bakarra egon daiteke zenbait momentutan. Batez ere, bakardadearen aurka borrokatzeko lekua da eguneko zentroa: nagusiak, etxean bakarrik egon beharrean, euren moduko beste herritar batzuekin elkartu eta eguneko orduak elkarrekin pasatzeko tokia da. 12:00etatik 18:00ak arte egoten dira eguneko zentroan. Hainbat jarduera egiten dituzte: gimnasia, egunkaria irakurri, ariketak... Bakardadearen aurka egiteko modu ona da, baina hori baino gehiago ere bada. Jarduera horien bitartez dependentziaren aurka borroka egiten dute; nolabait, atzeratu egiten dute egoera hori.

Aramaiok duen izaerak, auzoetan bizi da jende asko... nola eragiten du nagusien bakardade horretan?

Nabarmendu behar da garraio zerbitzua dugula jende nagusia eguneko zentrora ekartzeko. Gurutze Gorriko furgoneta bat arduratzen da jendea batu eta eguneko zentrora ekartzeaz.

Azken urtean bizi dugun pandemiak nola eragin du?

Nabaritu dut konfinamenduaren ondoren jende gehiagok jo duela nigana. Lehenengo asteetan Legutiotik egiten nuen lan, ez nintzen Aramaiora etortzen; orduan, ez nituen dei asko izan. Baina berriro ere aurrez aurreko lanera itzuli naizenean igarri dut jende asko etorri dela zerbitzua erabiltzera. Batez ere, dependentziako balorazioak dira eskatzen dituztenak.

Jende nagusiarendako ez da egoera onena izan.

Denbora tarte honetan jende nagusia menpeko bihurtu da; atzerapen bat egon dela esan daiteke. Etxeetan egon dira, ezin irtenda, erlazio gabe... Eta horrek eragin egiten du. Familiarteko asko itxaroten egon dira, eta, azkenean, nigana etortzeko bidea hartu dute.

Zeintzuk dira Gizarte Zerbitzuak Sailaren erronkak epe motzera begira?

Momentu honetan esku artean daukadan erronka da Eusko Jaurlaritzarekin menpeko pertsonak egoitza batera eramateko lizitazioa egitea. Orain arte, menpeko pertsonak Aita Mennira joan izan dira; baina abenduan lizitazioa amaitu egin zen, eta momentuan ez zegoenez inor, lizitazioa egin barik geratu zen. Orain, bi pertsona daude itxarote-zerrendan eta lizitazioa egin behar dugu horiei irtenbide bat emateko. Foru Aldundiaren eskumena da pertsona menpekoen zaintza; gure kasuan, pertsona nagusiak Gasteizera eramatea ez da irtenbide onena, urrun geratzen delako. Hortaz, Aita Mennira edo Aretxabaletako GSR-ra eramatea izango da egokiena. Bestalde, familiek etxeko langile bat kontratatzean laguntza jaso ahal izateko, kontratatzen duten pertsona horrek paperak izan behar ditu, eta baita formakuntza berezi bat ere. Zaila izaten da, batez ere, lehenengo baldintza hori betetzen duen norbait bilatzea. Kasu horietan, familiaren esku geratzen da pisu ekonomiko guztia.

Horrez gain, eguneko zentroko edukiera handitzeko ideia ere baduzue esku artean.

Hori ere erronka bat izango da. Izan ere, gaur egun, zortzi lagunendako lekua dauka eguneko zentroak, eta beteta dago; pertsona bat itxarote-zerrendan dago. Ikusten duguna da oso onarpen ona izan duela zentroak, eta aurrea begira, horrek ekar dezake eskaera gehiago izatea. Hau da, txiki geratuko da eguneko zentroa, eta horregatik nahiko genuke edukiera handitzea.

Bestelako lanik izaten duzu migratzaileekin, gazteekin, emakumeekin...?

RGIa jasotzen dutenekin, migratzaileekin... badira kasuak, baina oso gutxi. Bestalde, Aldunditik langile bat etortzen da lan bila dabiltzanei laguntzera, astelehenero. Indarkeria matxista pairatzen dutenekin ere egiten dut lan. 2020a oso urte berezia izan da: ez da kasurik izan. Kontuan izan etxean sartuta egon direla emakume horiek, eta ezin izan dutela hitz egin, estalita egon dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak