Lander Garrok zuzendutako 2 urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentala eskainiko dute domekan kultura etxean, 19:00etan. Derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten sei lagunen istorio kontatzen du ikus-entzunezkoak; horietako bat da, hain zuzen, Tonino Carotone. Intsumisoak izan ziren seiak, eta denek nahiago nahi izan zuten kartzelara joatea soldaduskara joatea baino.
Musikariaz gain, bi kazetari, suhiltzaile bat, irakasle bat eta Lurrari lotutako aktibista bat dira protagonistak. Zuzendariak intsumisioaren aldeko mugimendua gogoratu nahi izan du lanean, eta, nolabait, intsumisioaren garaipena ospatu nahi izan du.
Aramaioko lagunak
Itsaso Aspiazu Kultura teknikariak azaldu du Carotonek baduela nolabaiteko harremana Aramaiorekin, lagunak dituela herrian. Horregatik animatu dela amaierako berbaldian parte hartzera.
Intsumisioaren aldeko mugimenduak 90eko hamarkadan izan zuen indarra. Filmeko protagonisten hitzetan jasoko da zergatik aukeratu zuten intsumiso izateko bidea. Izan ere, arrazoiak askotarikoak izan ziren: bakezaletasuna, pentsaera anarkista, abertzaletasuna eta sinesmen erlijiosoak. Guztiek soldadutzari uko egin zioten, eta nahiago izan zuten kartzelara joan armadan parte hartu baino.
Dokumentaleko hazia
Ikus-entzunezkoaren hazia 2012an ipini zuen Gaizka Aranguren kazetariak. Urte hartan, Iruñeko espetxea bota zuten: hala, Aranguren bera eta beste zenbait intsumiso kamerak hartuta barrura sartu ziren irudiak grabatzera. Izan ere, 90eko hamar-kadan hainbat intsumisoren bizitoki izan zen Iruñeko espetxea. Hain zuzen, bi urte, lau hilabete eta egun bat izaten zen intsumisoei jarritako zigorra.
2001ean, soldadutza bertan behera geratu zen. Dokumentalean diote ez zela behar bezala ospatu, PPko ministro Trilloren erabakia ezin zelako ospatu.
Domekarako sarrerak online erreserbatu beharko dira.