Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe? galderari erantzuna ematen ahalegindu dira dokumentalean. "Iñaki Peña medikua dago ikus-entzunezkoaren atzean. Arteman-ekin egin duen hirugarren lana da, eta esango nuke sentsazio onena utzi duena dela. Itxaropen mezua da, min bako oroitzapen bat egon daitekeela erakutsi nahi izan du lanean", dio Ballinak.
Peñak orain dela bi urte aurkeztu zien buruan zuen ideia Artemaneko kideei. Lehenengo bileren ondoren, proiektua forma hartzen joan zen, eta, dena prest zutenean, itxialdia etorri zen. "Grabazioak egin genituen maiatzean eta ekainean, eta irailean edizioarekin hasi ginen. Azaroan bukatu genuen lana", azaldu du Ballinak.
Mendi Film Festival-en, saria
Mendian hil, hirian hil dokumentalak Bilboko Mendi Film Festival-en euskarazko lan onenaren saria irabazi zuen abenduan. "Ez genuen espero. Bilboko zinema jaialdia jaialdi handi bat bezala ikusten genuen... Gainera, grabatu eta segituan hasi ginen editatzen, data gainean zegoelako, baina epeak eman zigun guk nahi genuen lana egiteko", dio Ballinak. Pozik daude, bai sariarekin eta baita ikusleen aldetik jasotako erantzunarekin ere.
Zaletasuna eta lana uztartzeko aukera
Dokumentalak mendiarekiko zaletasuna eta lana uztartzeko aukera eskaini dio aramaioarrari.
Zein izan da zure lana?
Kamerari lanak egin ditut, eta baita edizio eta postprodukzio lana ere, Josu Txintxurretarekin batera. Ideia Iakirena izan da; gu bidelagun izan gara.
Zer eskaini dizu lan honek?
Profesionalki, egunerokoa hausteko balio izan dit. Horrez gain, mendia gustuko dudanez, polita izan da lana eta zaletasuna uztartzea. Gainera, mendian ibili arren, hor dauden baina sekula berba egiten ez duzun hainbat gairen inguruan berba egiteko aukera eman dit. Irakurri ere egin dut mendiari buruz; Mendiminez liburua, esaterako.