Euskaraz aritzeko hainbat jolas eta lehiaketa jarriko ditu martxan Txirritola euskara elkarteak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ots. 13a, 08:00

2019ko ipuin lehiaketa sari banaketa.

Txirritola euskara elkarteak hainbat erronka ditu esku artean. Besteak beste, martxoan batzar orokorra egitea gurako lukete. Egingo dituzten egitasmoen berri ere eman dute: otsailean literatur lehiaketa egingo dute.

Txirritola Euskara Elkarteak 2021ean egingo dituen hainbat egitasmo zehaztu ditu dagoeneko. Egoera zaila bizitzen ari da gizartea; eta, ondorioz, baita euskara elkartea ere. Hala ere, euskarak behar duen bultzada emateko indartsu daude Txirritolako kideak.

2021ari begira jarritako erronken artean dago batzar orokorra martxoan egitea. Urteko memoriaren berri eman beharko dute batzarrean, eta baita urte berrirako dituzten egitasmoen berri ere. "Elkarteari eman nahi diogun norabidea erakutsiko dugu. Gainera, iaz ez genuen batzarrik egin; martxoan egitekoak ginen, baina konfinamenduak harrapatu gintuen. Aurten, bi urteotako errepasoa egingo dugu", azaldu du Txirritolako kide Oihana Ameskuak.

Otsailean, literatur lehiaketa

Aurreratu dezaketen proposamenen artean dago ohiko bilakatu den literatur lehiaketa. Hiru kategoria izaten dira: 12 urtera artekoa bat; 12 eta 16 urte bitarteko bigarren kategoria bat; eta 16 urtetik gorakoen sala. Aurten, berritasun moduan, erabaki dute 12 eta 16 urte bitartekoen kategorian eta 16 urtetik gorakoenean ipuinak idatzi beharrean mikroipuinak idatzi behar izatea: 100 hitzera mugatutako mikroipuinak.

Literatur lehiaketako sari banaketa eguna berezia izaten dela nabarmendu du Ameskuak –antzezlana, ipuin kontalaria...–; ea aurten zer egiteko aukera duten. Txirritola elkartearen asmoa da sari banaketa Aste Santuaren ondoren izatea.

Irakurzaletasun kanpaina

Irakurzaletasuna bultzatzea eta, batez ere, euskaraz irakurtzea bultzatzea da Txirritolaren nahietako bat. Apirilean, Aste Santuaren ostean hasiko dira kanpainarekin. Liburutegian euskarazko liburu bat maileguan hartu eta irakurtzen dutenek fitxa bat beteko dute, eta ondoren, fitxa hori postontzian utzi. Kanpainak iraungo duen hilabetean jasotako fitxa guztiekin zozketa egingo dute. "Euskaraz irakurtzera bultzatzeko modu bat da. Kanpainaren amaieran idazle bat gonbidatu ohi dugu; aurten, asmoa da irakurketa talde feministarekin batera adostea idazlea. Maiatzean Katixa Agirreren Amek ez dute liburua irakurriko dutenez, gure proposamena Katixa bera gonbidatzea izango da", dio.

'Hitzak mendietan' ekimena

Iaz egin zuten Hitzak mendietan egitasmoaren harrera ona ikusita, aurten ere horrekin jarraitzea erabaki dute. Hala, Aramaioko hainbat mendi puntatako buzoietan koadernotxo batzuk utzi dituzte: kasu honetan, Orixolen, Tellamendin, Murun eta Asension utzi dituzte koaderno horiek. "Arazo teknikoak egon dira tartean. Egin duen euriarekin koadernoren bat hondatu egin da, edo umeldu. Hori eragozpena izan da. Hala ere, ikusi dugu Murun dagoenak baduela istorio bat", azaldu du. Orixolen, esaterako, bertsolaritzarekin zerikusia duten ariketak egin behar izan dituzte: errimekin bertsoa osatu; gaia hartu eta hortik abiatuta bertsoa osatu... Mendietan dauden koadernoak jaso egingo dituzte, eta ondoren, argitaratu. Iaz, kultura etxeko horma batean jarri zituzten istorioak; aurten ere, horrelako zerbait egitea pentsatu dute.Udaberri aldera, beste saiakera bat egingo dute: Udaberrian hitzak mendietan. Bere "xume-tasunean" ariketa polita dela uste dute. Gainera, egungo egoeran mendira joatea arnasgune bilakatu dela diote; eta, hain zuzen, euskaraz aritzeko arnasgune ere bilakatu nahi dute, mendia eta euskara uztartuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak