Aramaio.eus atariko azalean ikus daiteke Gure berbak eta kontuak atal berria."Gureak diren berba eta kontuak berreskuratzea eta ezagutzera ematea da helburua. Horretarako, ahalegin handia egin da urte askotan, lan eta ikerketa desberdinen bitartez, eta altxor hori aprobetxatu nahi izan dugu, batez ere, belaunaldi gazteei ezagutzera emateko", azaldu du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak.
Hainbat berba ezezagunak izan daitezke; beharbada, gaur egun erabiltzen ez direlako, baserriarekin lotutakoak, batez ere: galbaie, esate baterako. "Beste batzuk oraindik ere bizirik daude eta horiek erabiltzea posible da: oñaskero,adibidez", gaineratu du.
Kontu eta kondairekin, Aramaioko aitona-amonek bizi izandako pasadizo asko dituzte bilduta: "Eurek kontatuta, gainera, ahotsa eta bideoz grabatuta, eta gehienak ezezagunak dira".
Txipi Ormaetxearen liburua
Atal berri hori sortzerakoan hainbat lan edo ikerlan izan dituzte oinarri. Horietako bat Txipi Ormaetxearen Aramaioko euskara liburua da: "Berba asko jaso zituen liburuan". Horrez gain, ikerketa desberdinak egin izan dira urteetan eta elkarrizketak grabatuta dituzte: "Asko, ahotsak.eus webgunean biltzen direnak. Horrez gain, Aramaioko Udalak ere argitaratu zuen herriko ipuinen eta kondairen liburuxka. Batik bat, horiek dira guretzat erreferentzia".
Ekarpenak egiteko aukera
Modu erakargarrian osatu nahi dute sortu berri duten atala. Horretarako, testuez gain, udal teknikariek jasota dituzten argazkiak eta bideoak ere erabiliko dituzte atala osatzeko. "Argazki zaharrak biltzeko beka bat sortu zen orain dela urte batzuk, eta asko ditugu gordeta. Eta bideoei dagokienez, Ahotsak-ekin batera elkarrizketa gehiago egiteko proiektua garatuko dugu aurten", azaldu du Mondragonek.
Jakitun dira atal berriak kuriositatea sor dezakeela herritarren artean. Hori horrela, ekarpenak jasotzeko ateak zabalik dituztela azaldu du Mondragonek. "Berba bat proposatu, etxean entzundako kanta bidali... ", dio. Ekarpenak egin nahi dituenak aramaiokoudalaeu@gmail.com helbidera idatz dezake mezua