Danel Fernandez: "Eredu berrien bila joan nintzen atzerrira"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ots. 5a, 11:03

Danel Fernandez traktorearen barruan.

Frankfurt-eko Dottenfelderhof komunitatean bizi da aramaioarra; abeltzaina da, eta natura begiratzeko, hausnartzeko eta deskribatzeko beste modu bat topatu du han.

Alemanian, Frankfurten bizi da Danel Fernandez (Aramaio, 1995). Bestelako hezkuntza sistema baten bila irten zen Aramaiotik, 18 urte zituela. Lehenengo, Ingalaterran izan zen, eta gaur egun, Alemanian bizi da. Hango bizipenak azaldu ditu.

18 urterekin atzerrira joatea erabaki zenuen. Zergatik?

Erabakia hartzerakoan pisu handia izan zuen hezkuntzarekin izandako harremanak. Iruditzen zait gure hezkuntza sisteman ez nituela gauza garrantzitsuak ikasi, eta eredu berrien bila irten nintzen. Gurasoen lagun baten bitartez Ingalaterrako Botton Villagen dagoen Camphill filosofiaren berri izan nuen, eta hara joan nintzen.

Zer egiten zenuen han?

Nekazaritza oinarri duen mugimendu soziala da Camphill; eta lan egiten nuen adimen urritasuna duten pertsonekin, boluntario

Nekazaritza oinarri duen mugimendu soziala da Camphill; eta lan egiten nuen adimen urritasuna duten pertsonekin, boluntario. Autosufizientzia bilatzen genuen, eta lan egiten genuen helburu batekin. Ongietorria sentitu nintzen... Hiru urteren ondoren, erantzukizun handiak hartu nituen: baserri baten ardura nuen. Hori horrela, gai horretan sakontzeko nahia izan nuen. Aramaiora itzuli nintzen hiru hilabeterako.

Hiru hilabete horien ondoren, Alemaniara joan zinen?

Ostera ere, lagun baten bitartez Alemaniako Dottenfelderhof komunitatearen berri izan nuen. Ezagun bat han zebilen ikasten, eta bi asterako joatea erabaki nuen. Klase batera sartzeko aukera izan nuen: ez da hezkuntza konbentzionala. Sentsibilitatea oinarri hartuta gauza asko lantzen dira hemen. Asko gustatu zitzaidan filosofia hori: irakasleek galderak egiten zizkiguten, guri lagundu ahal izateko gura nahiak zeintzuk ziren jakin gura zuten. Oso osasuntsua iruditu zitzaidan, bai gizakiarendako eta baita buruarendako ere. Zortzi hilabeterako lanpostu bat eskaini zidaten: buztinarekin eta lastoarekin etxeak eraikitzen. Zortzi hilabetez lan egin ondoren, beste urtebete osoz baserrian lanean egon nintzen, laborantzan. Modu horretan, alemana ikasi nuen eta prest sentitu nintzenean ikasketak hasi nituen.

Nolako ikasketak egin zenituen?

Naturarekiko beste ikuspuntu bat dago hemen, eta liluratuta geratu nintzen gauzak beste modu batera aztertzeko moduarekin

Hemengo ikastaroak urte guztia irauten du; hau da, urteko lau estazioak behatzen dira, bizitzaren ziklo guztia. Udan ere egunero izaten ditugu eskolak, eta neguak duen garrantziaz jabetzen gara: landareek indarra hartzen dute udaberrian berriro ere birsortu ahal izateko. Naturarekiko beste ikuspuntu bat dago hemen, eta liluratuta geratu nintzen gauzak beste modu batera aztertzeko moduarekin. Horrez gain, botanika, kimika... zientziak ere ikasten dira; baina zentzumenen garrantzia erabatekoa da. Gauzak begiratu, hausnartu eta deskribatu behar izaten ditugu. Nekazaritza biodinamikoa deitzen zaio egiten dugunari. Filosofia eta ideologia bat dago atzean. Eskola bera komunitatearen barruan dago.

Zelako komunitatea osatzen duzue?

200 lagun bizi gara komunitatean. Leku handia da; daukagu gaztandegia, denda, animaliak, laborantza... Gure energia sortzen dugu eta baita ura berotzeko energia ere. Egunero jezten ditugu animaliak, jogurtak egiten ditugu... Ni kanpoan ibiltzen naiz, animaliekin edo zerealak lantzen; orain, batez ere, txerriekin nabil.

Danel Fernandez komunitateko lagunekin.

Alemaniatik irten eta Alpeetan ere izan zinen, gazta egiten.

Urtebeteko ikastaroa bukatu ondoren, 2019ko irailean, Danimarkara joan nintzen, eta 2020ko udan Alpeetan izan naiz –Falera, Suitza–, gazta egiten laguntzen. Esnearen prozesu guztia ikasi dut... baina nabarmendu nahi dut ni abeltzaina naizela.

Baina komunitatera itzultzea erabaki zenuen?

Euskal Herrira itzultzeko gogoa nuen, baina koronabirusarekin ez zen egoera erraza... Hala, komunitatean bertan lanpostua eskaini zidaten eta itzuli egin nintzen.

Komunitatean erabiltzen duzuen energia zuek sortua dela diozu. Nola egiten duzue hori?

Egia da erabiltzen dugun energia guztia ez dela guk sortua. Izan ere, lau hozkailu handi ditugu, zazpi metro garai direnak, eta horiek hotz mantentzea oso garestia da. Esan dezakegu sortzen dugula erabiltzen dugun energiaren herena, eta erabiltzen dugun ur beroaren bi heren. Erreaktore bat dugu, eta hor sartzen dugu egurra txiki-txiki eginda, erre egiten dugu eta energia sortzen da. Hor sortutako beroarekin ura berotzen dugu.

Komunitateko denda edonori irekita dago?

Bai, denda moduan funtzionatzen du eta edonor sar daiteke. Frankfurt banketxeen hiria da, eta egia da gure bezero asko gizarte maila altukoak direla.

Nola eragin dizue pandemiak?

Kontziente gara zein den egora, eta arduraz jokatzen dugu

Egia esan, komunitatean dugun bizimodua ez da askorik aldatu. Kontziente gara zein den egora, eta arduraz jokatzen dugu; hala ere, gure eskola ez da itxi, eta Alemanian, berriz, beste batzuk itxi dituzte. Maskara ere ez da derrigorrezkoa; nahiz eta dendara sartzeko jarri behar den. Uste dugu gizakiaren immunitate-sistemaren garrantziaz jabetu behar dugula, eta, horretarako, jaten duguna zaindu behar dugula. Uste dugu beldur handia sartu nahi digutela: beldur barik, baina errespetuarekin egiten diogu aurre egoera honi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak