Aisialdian kirol jarduerez gozatzeko aukera dute berriro ere gaztetxoek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urt. 28a, 20:00

Gaztetxoak, martitzenean, pilotalekuan.

Aramaioko neska-mutikoek ere berrekin diete eskola-kiroleko jarduerei. Azaroaren 7an, jarduera guztiak bertan behera uzteko agindua jaso zuten, baina urtarrilaren 11n hasi ziren berriro ere kirol eskaintzarekin. San Martin eskolako guraso elkarteak koordinatzen ditu eskolaz kanpoko saioak.

Multikirola deitzen dena Leintz eskola-kirolaren bitartez egiten dute. Susana Santor da Leintz eskola-kiroleko koordinatzailea: "Ikastetxeko protokoloa jarraituz eta burbuilak mantenduz egiten ditugu jarduerak". LH-1eko, LH-2ko eta LH-3ko neska-mutikoak elkarrekin entrenatzen dira; LH-4koek beste talde bat osatzen dute; eta LH-5eko eta LH-6koek, hirugarren bat. Araudia jarraituta, sei laguneko azpitaldeetan banatzen dira jolasak egiteko.

Kontakturik gabeko jolasak

"Kontakturik gabeko jolasak egin behar ditugu: umeek ezin dute elkar ukitu. Hortaz, partidurik ezin dugu egin, baina egiten ditugu jolasak. Saskibaloiko edo futboleko baloiak erabilita, edo hockeyko makilak, edo erraketak... ariketak eta jolasak egiten ditugu", dio Santorrek. Elkarren artean ezin direnez ukitu, jolasak birpentsatu eta egokitu egin behar izan dituzte: "Adibidez, harrapo-harrapoka jolasten gara txurroak erabiliz. Hala, ez dute kontaktu zuzenik izaten". Segurtasun neurriei dagokienez, eskuak garbitu behar izaten dituzte, distantzia gorde eta maskara erabili: "Horrez gain, materiala desinfektatzen dugu".

Haurren beharrak

Eskola-kirolak balio du sozializatzeko, ohitura osasuntsuak hartzeko eta balio hezigarriak zabaltzeko, besteak beste. "Gogotsu bueltatu dira eskola-kiroleko jarduerara", dio Santorrek. Bete beharreko segurtasun neurriak dagoeneko barneratuta dituztela dio koordinatzaileak; baina gaztetxoendako zailena dela elkar ezin ukitzea: "Kontaktu fisiko hori behar dute. Elkar komunikatzeko modua da". Maskararen kasuan, intentsitate handiko ariketaren bat egiten dutenean, distantziak gorde eta maskara jaitsi dezaketela azaldu du. Pilotalekuan egiten dituzte saioak, eta, eguraldi ona bada, kanpoko pilotalekura ere irteten dira. Hiru taldetan banatuta daude: talde bakoitzak bi orduko saioak egiten ditu.

Beste kirol batzuk

Eskolaz kanpoko jardueren artean, gimnasia erritmikoa, pilota eta dantza ere badaude Aramaion. Arrasateko Dragoi gimnasia elkarteko Miren Amozarrainek gidatzen ditu gimnasia erritmikoko saioak: "LH-1 eta LH-6 arteko ikasleak ditugu, bi taldetan banatuta; guztira, 17 gaztetxo". Gaineratu du gaztetxoek beharra dutela kirola egiteko, eta ilusioz hasi dutela berriro ere jarduera: "Segurtasun arauak mantendu beharra gogorra egiten da. Umeek betikora bueltatu nahi dute".

Azaldu du bi taldetan banatuta egiten dituztela entrenamenduak, eta bi talde horiek burbuilak direla. "Elkar ukitzeko aukera badute, baina ezin dute materiala elkarbanatu, ezta aldagelak erabili... Taldekako kirola egiterakoan trabak dira horiek guztiak". Egoera berrira ohitzea zaila dela dio, eta gaztetxoek faltan igartzen dituztela lehen egiten zituzten gauzak.

Pilotan, iraila ezkero

Pilota eskolan sei laguneko hiru talde dituzte. "Eskuak garbitu behar dituzte pilotalekura sartzerakoan, tenperatura hartu, maskara erabili eta ahalik eta kontaktu gutxien izaten ahalegindu behar dute", dio Asier del Campok, pilota entrenatzaileak. Bikoteka jarrita pilota bera erabiltzen dute, elkar ukitu gabe.

Irailaz geroztik, araudi berria egin zutenetik dabiltza pilota sailekoak entrenamenduekin. Eskola-kiroleko gaztetxoak entrenatu bakarrik egiten dira, baina federatuek, orain, baita jokatu ere. Gaztetxoek jarduera fisikoa egiteko beharra dute: "Asko eskertu dute entrenamenduetara bueltatzea, eta, egia esan, euren aisialdiaz disfrutatzen dabiltza momentu honetan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak