Jone Unzaga: "Ateak zabalik ditut berdintasunaren alde lan egin nahi duen edonorentzat"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urt. 29a, 08:00
Berdintasun teknikari Jone Unzaga bulegoan lanean.

Gorbeialdeko Berdintasun Zerbitzuak berdintasunaren alde borrokatzen diren eragileen iritzia jakin nahi du 2021eko programazioa eta helburuak osatzeko. Horretarako, galdetegi bat prestatu dute.

Berdintasun teknikari Jone Unzagak nabarmendu du ateak zabalik dituela, eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko.

Berdintasun Zerbitzua noiz sortu zen Gorbeialdeko Kuadrillan, eta ze beharri erantzuteko?

Modu egonkorrean lanean 2017-2018an hasi zen. Aurrez, herri batzuetan bazeuden berdintasun planak; baina ez zegoen langile finkorik edo zerbitzua ez zegoen araututa. Horrez gain, gogoratu behar dugu lege bat dagoela eta lege horren arabera administrazio publikoetan berdintasun sailak egin behar direla. Hala ere, gizartean badago berdintasunaren aldeko kontzientzia, eta horrek beharrizana sortu du.

Urte hauetako esperientzia nolakoa izaten ari da?

Berdintasun Zerbitzuak ez du beste arlo batzuek izan dezaketen ibilbiderik. Gainera, arlo honen inguruko ezjakintasuna handia da. Ez da zalantzan jartzen sailaren beharra, baina sailak zehazki zer egiten duen ez da ezagutzen. Aldi berean, apustu sendoa dago berdintasun politikak garatzeko, aurrekontuak handitu egiten dira urtero, diagnostikoak egiten dira... Nabarmendu nahi dut ez dela kanpora begirako lana bakarrik; barrura begira ere egiten dugu, baina antolaketa administratiboa aldatzea motela izaten da.

Galdetegi bat zabaldu duzue programazioa eta helburuak osatze aldera. Nori zuzenduta dago?

Herritarrei zuzendutako galdetegia da. Gorbeialdeko udalerrietan banatu dugu, baita Whatsapp taldeetan ere... Eta paperean ere banatu nahi dugu; izan ere, modu elektronikoan ez gara mundu guztiarengana heltzen.

Zeintzuk dira sailak dituen erronkak?

Asko dira, baina batzuk aipatzearren esango nuke jarraitu behar dugula indarkeria matxistaren inguruan lanean. Ez bakarrik emakumeei zuzendutako indarkeria, baita LGTB kolektiboari zuzendutakoa ere. Prebentzioa landu behar da horretarako. Bestalde, generoaren mainstreaming-a administrazioan txertatu behar dugu: kontratazio pleguetan, datuak sexuaren arabera, bitarra ez den laukitxoa sortu... Azkenik, esango nuke emakumeendako espazioak sortu behar ditugula, emakumeen ikusgarritasuna lantzen jarraitu. Horiekin ez diet beste beharrei garrantzirik kendu nahi.

Aramaion zein talde edo eragilerekin egiten duzu lan?

Aramaioko mugimendu feministarekin eta Itur-zuri emakume taldearekin egiten dut lan. Esan nahi dut ateak zabalik ditudala eta berdintasunaren alde lan egin nahi duen edonor etor daitekeela bulegora. Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da aurrera egiteko.

Iaz, kanpaina berezia egin zenuten indarkeria matxisten inguruan. Nolako erantzuna izan zuen?

Oso erantzun ona izan zuen. Asko ikasi dugu, eta konturatu gara indarkeria matxista uste genuena baino askoz zabalagoa dela. Jendartera atera dugu gaia, eta, azken finean, helburua hori zen. Herritarrez gain, udal langileek ere hausnartu dute gaiaren inguruan. Garrantzitsua da barrura begirako lan hori.

Zeintzuk dira zerbitzuak dituen ahulguneak?

Nik samur identifikatzen ditut, baina, agian, ez dira beste batek identifikatuko lituzkeenak. Berdintasun Sailak errekonozimendua behar du, baina ez Kuadrillan bakarrik, orokorrean baizik. Feminismoak oraindik ere jaso ez duen errekonozimendu hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak