Orain arte, San Martin eskolan egin izan dituzte entseguak; baina, egoera zail honetan horrela jarraitzea nahiko konplikatua zela ikusita, Musika Etxea dena erabiltzen hasi ziren.
Trikiti eskolak
Aritz Alustiza bergararra da azkeneko urteetan trikiti irakaslea Aramaion. "Aurtengo ikasturtean, pandemiaren ondorioz hainbat segurtasun neurri hartu behar izan ditugu: gela desinfektatu, aireztatu... Hala ere, klaseko dinamikari ez dio askorik eragin. Izan ere, eskolak bakarka ematen ditugu", dio Alustizak.
Hamahiru bat ikasle ditu Alustizak, eta umeak baino gehiago helduak dituela dio: "Erronka izan behar da ume gehiago erakartzea, etorkizuneko trikitilariak izan ditzagun". Aramaioko trikitiaren osasuna "egoera onean" ikusten du Alustizak.
Panderorako zaletasun handia
Pandero irakaslea, berriz, Leire Etxezarreta arrasatearra da: "40 bat lagun ditugu panderoa ikasten; horietatik asko umeak dira. Taldeka entseatzen dugu, edukiera zainduz eta distantziak gordez".
Iraila ezkero, Musika Etxean entseatzen dabiltza, eta oso gustura daude: "Musikari dagokionez, eskaintza eta mugimendu handiagoa dago hemen".
Elkartearen erronka
Aramaioko Trikiti Eskolako koordinatzaile lanetan Ainhoa Ullibarriarana dabil. Musika Etxea estreinatu eta erabiltzeko aukera izatea eskertu gura du: "Egoerak hala eskatuta, azken egokitzapenak egin zituen Udalak eraikina erabilgarri egoteko irailean". Gustura daude eraikin berrian: "Trikitia beste ingurune batean zabaltzeko aukera ematen du, beste instrumentu batzuekin nahasteko... ". Elkarteak badu erronka bat aurrera begira: "Umeei bideratutako eskaintza bakarrik ez izatea; nahi dugu helduen artean, gure ikasle izan direnen artean bigarren aukera bat eskaintzea. Oraindik zehaztu barik dagoen arren, bilera bat egin nahi dugu, eta asmoa izango litzateke eskaintza erakargarria egitea; adibidez, hilean behin elkartzea". Izan ere, konturatu dira ikasle izandako asko gaur egun guraso direla eta guraso moduan gerturatzen direla elkartera.
Egoerak baldintzatuko du aurten ze ekitaldi egingo dituzten: "Iaz, bertan behera geratu zen Debagoieneko Trikiti Eguna, Aramaion egin behar zena; bada, horri heldu eta zerbait egiteko asmoa badugu, nahiz eta zelan egin zehazteke dagoen".
Santa Ageda egunean ohikoa izaten den kalejira egin edo ez, berriz, zehazteke dago oraindik.