Guztiona dena zaindu egin behar dela aldarrikatu dute eskolako arduradunek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urt. 22a, 08:00

Patioko sabaiko plakak apurtuta.

Azkenaldian Aramaioko eskolako patioan eta inguruetan gertatu izan diren kalteek kezka eta haserrea eragin dute eskolako arduradunengan. Astelehenean, esaterako, eskolako sarrerako atean latak eta botilak aurkitu zituzten, lurrean; eta botila horietako batzuk apurtuta, gainera.

Eskolako zuzendari Saioa Uriartek azaldu du Aramaioko eskola herri eskola dela, eta, herri eskola den heinean, herritarrena dela. Horregatik, penaz hartu zuen astelehen goizean ikusitakoa.

Gaineratu du babesean egoteko leku gutxi eskaintzen duela Aramaiok, eta egoteko leku gisa eskolako patioa erabiltzen dela. "Patioa erabiltzen da babesleku gisa. Hori horrela da, eta horrela izan behar du, gainera. Baina zilegi al da horrela uztea?", dio Uriartek. "Kontuan hartu behar da ume txikiak etortzen direla eskolara, eta apurtutako botilak, kristala, zeudela lurrean astelehen goizean.

"Eskolako langileak edo udal langileak ibiltzen gara lurrean uzten duten zaborra jasotzen", gaineratu du.
Horrez gain, patioko sabaiko plakak ere apurtuta daude, inoiz ez bezala. 

Genero estereotipoak 

Uriartek azaldu du abendu erdialdean eskolako ordezkarien bilera izan zutela –LHko 1. mailatik LHko 6. mailara artekoak–. "Maila bakoitzeko bi ordezkari elkartzen dira ordezkarien bileran. Apurketen gainean aritu ginen berbetan, eta genero rolekin edo estereotipoarekin lotu zuten gertatzen ari den egoera. Oso aberasgarria izan zen batzarra", azaldu du Uriartek. Hori horrela, generoaren trataerari buruz eskolan zer hobetu daitekeen aztertuko dute; eta idatzizko mezuak idaztea proposatu zuten, patioan jartzeko.

Patioko isolamendua 

Patioko sabaiko isolamendua ere kaltetuta dago; hainbat plaka daude apurtuta. Jaurlaritzaren udal-laguntza lerroan eskatuko du dirulaguntza Udalak. "Zerbait finkoa jartzea da asmoa", azaldu du Lierni Altunak.
Udal ordezkariak ere gertatzen denaren jakitun dira: "Astelehenetan, garbiketak eskolan hasten dira".

Gainera, gertatu diren apurketen harira, Udalak eskolako alarma sistema hobetu egin du: "Alarman hutsune bat zegoen eta hobetu egin dugu".

Horrez gain, aurreko agintaldian, 8 eta 13 urte arteko gazteen gurasoekin bilera egin zuten. Aisialdian hutsunea dagoela ere badakite, eta hori lantzen ari dira Txatxilipurdirekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak