Elurraz gozatzeko aukera egon da Aramaioko mendietan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urt. 15a, 11:23
Argazkia: Oxel Arrieta.

Azken asteetan egun duen elurteak gozamenerako uneak utzi ditu mendizaleen artean; baina, elurra gozamenerako izateaz gain, buruhausteak ere sor ditzake. Hori horrela, hainbat herritar lanean ibili dira elurra kentzen, errepideak txukun uzteko.

Elurra goiz iritsi da aurtengo neguan; eta, gainera, asko. Azkeneko urteetako elurte handienak egin ditu azkeneko asteetan. Abendu erdialdearekin batera iritsi ziren lehenengo elur-matazak mendi garaietara, eta, urte berriarekin batera, elurra kaleraino iritsi da.

Elurra gozamenerako izaten da, askotan. Etxeko txikienek gustura hartzen dute: eurendako magia da mataza zuriak goitik behera nola erortzen diren ikustea. Zer esanik ez, elurretako kirolak maite dituztenendako. Mendizaleek gustura hartu dute egin duen elurra; eta asko eta asko izan dira eskiak edo elur-erraketak hartu eta Aramaioko mendietan ibili diren mendizaleak.

Mendian, jende asko

Orixol mendizale elkartean bi elur-erraketa pare dituzte nahi duenak erabil ditzan

Orixol Mendizale Elkarteko Peru Abarrategik mendira irteteko aukera aprobetxatu du egunotan: "Ez dut eskiatzen, ni mendian ibili naiz". Gehitu du inguruko mendietan ibili dela, gehienbat: Jarindon, Orixolen, Zabalandin... Abarrategik dio aurten beste batzuetan baino jende gehiago dabilela mendian: "Egoerak hala behartuta izan da. Ezin da kanpora joan eta bestelako ekintzarik ere ezin da egin. Hortaz, jende askok hartu du mendirako joera, zaletu egin dira".

Urteberri egunean Orixolera igo zela dio, eta tontorra zapalduta zegoela, jende asko ibili izanaren seinale. Horrez gain, eskiatzaileak eta lagun kuadrillak lerarekin ere ikusi dituela dio, eta baita elur-erraketekin ere: "Orixol elkartean baditugu bi elur-erraketa pare. Materiala eskuragarri dago nahi duenak erabil dezan, eta ohikoena izaten da eskaera handirik ez egotea; baina aurten, bat-batean jendea elur-erraketak eskatzen hasi da".

Orixol Elkarteko jardunari dagokionez, hark uste du martxo inguruan egin izan duten hitzaldia antolatzeko moduan egongo direla.

Aurreko aste bukaeran, alertan

800 kilo gatz izan dituzte gertu aste bukaeran erabiltzeko

Filomena ekaitza zela-eta alerta egoera ezarri zuten joan den aste bukaerarako. "Azkenean, ez zen uste bezain elurte handirik egon: elurra kentzeko makinak ibili dira lanean eta gatza ere bota da, baina, zorionez, ez da ezustekorik egon", azaldu du Lierni Altuna alkateak.

Izan ere, elurra, askotan, gozamenerako izan arren, buruhausteak sortzeko besterik ez da izaten, beste batzuetan. Arabako Diputazioak Gorbeialdeko Kuadrillarekin batera bi pertsona kontratatzen ditu errepideak garbitzeko. "Udalaren ardura izaten da Eguzkierripa, Ibarra eta auzo barruak garbitzea. Hirugarren lagun bat kontratatu dugu lan horiek egiteko", dio Altunak. Gaineratu du 800 kilo gatz izan dituztela gertu aste bukaeran erabiltzeko, eta dagoeneko Diputazioari beste bi mila kilo enkargatu dizkiotela.

Traktorearekin elurra kentzen

"Badira hiru bat urte ez naizela makinarekin elurra kentzera irten. Elurra egin du, bai, baina ez kentzeko modukoa. Aurten, dagoeneko, lau bat bider irten naiz elurra kentzera".

Roberto Lasaga da azkeneko urteetan Diputazioaren errepideak garbitzeaz arduratzen den herritar bat. "Baserriko traktorea erabiltzen dut, eta pala edo bestelako materiala Diputazioak ematen du", dio Lasagak. Kruzeta gainetik hasi eta Arrasaterainoko errepide zatia garbitzeaz arduratzen da Lasaga; eta baita eskuinaldean geratzen diren auzoetako errepide nagusiak ere: Untzilla, Suña, Azkoa-ga, Barajuen... aldea. Aste bukaerarako elur gehiago espero zutela dio, baina ez zela "hain-besterako izan". Hamabost bat zentimetro izan zirela dio.

Ea ze errepide zatitan edo ze auzotan pilatzen den elur gehien galdetuta, Lasagak dio Untzilla ingurua izaten dela: "Ez dakit haizeagatik den... baina leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago egiten du". Nabarmendu du aurtengo neguan elur asko egin duela: "Badira hiru bat urte ez naizela makinarekin elurra kentzera irten. Elurra egin du, bai, baina ez kentzeko modukoa. Aurten, dagoeneko, lau bat bider irten naiz elurra kentzera".

Lehengo aldean, presa dago

Makinarekin elurra kentzen dabilenean ea jendea ulerkorra den edo bakoitzak bere etxe aurrea garbi nahi duen galdetuta, Lasagak dio jendeak ulertu behar duela fisikoki ezin direla iritsi denbora berean leku guztietara. "Kortatik irteten naiz, eta handik Suña, San Antonio... Agian, ordubete behar dut dena egiteko", azaldu du. Bestalde, dio berak daukan gunea Aldundiaren errepide zatia dela, eta jendeak uste duela Udalarena dela: "Gainera, nahiko makina handia da eta errepide estu batzuetan ez da sartzen". Nabarmendu du jendea aldatu egin dela: "Lehengo agureek beste patxada bat zuten. Elurra egiten zuenean, elkartean elkartu eta kartetan egiten zuten... baina, gaur egun, presaka gabiltza alde batetik bestera".

Gehiago izango direlakoan

Elurteak goiztiarrak izan direla dio, normalean otsail inguruan izaten direla hemen elurteak. Hala, aurtengo negua bukatu aurretik beste elurteren bat izango dela uste du Lasagak. Elurrarekin gozatzen dutenendako berri ona izango da elur gehiago egitea; ez, ordea, errepidean ibili behar duten gidariendako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak