Arabako Abesbatzaren 50. urteurrena ospatzeko argitaratu du Aldundiak liburua. Zer jasotzen du?
Liburuan daude abesbatzendako idatzi ditudan obra guztiak. Izan ere, ahotserako, pianoarendako... idatzitako beste lan batzuk ere baditut, baina horiek ez daude liburuan jasota.
Zenbat obra jasotzen ditu liburuak?
Asko, 300 bat obra izango dira. Liburuak 480 bat orri ditu eta horietan daude jasota nik idatzitako obren partiturak.
Nola etorri zitzaizun liburu hau egiteko proposamena?
2018an, 50 urte bete zituen Araba Abesbatzak. Liburuaren sarrera Manu Sagastumek idatzi du eta aipatzen ditu zenbait datu. Nabarmendu behar da obra pila bat idatzi izan ditudala Araba Abesbatzarendako; horregatik sortu zen liburu hau egitearen ideia. Obra horien artean aurki daitezke elizako abestiak, Gabonetakoak, umeenak... Denetarik dago.
300 lan baino gehiago jaso dituzula kontuan hartuta, baduzu obraren bat bereziki kuttuna dena?
Bai, badaude kuttunak diren lanak, baina hori guraso batek seme-alabak maite dituen moduan da. Denak maite ditut berdin.
Ilusioz hartu zenuen Aldundiak zure lanak argitaratuko zituela jakitea?
Bai, jakina, ilusio handia egin zidan. Norberaren obrak batu eta argitaratuta ikustea oso pozgarria da.
Liburuan jasota dauden lan guztien artean, gogoratzen duzu zein den lehenengo idatzitakoa?
Bai; lehenengo idatzitakoen artean daude 1962an idatzitako bi edo hiru lan. Hala ere, xehetasun handiz gogoratzen dut 1968an idatzitakoa. Zarauzko Oleskariak taldeari idatzi nion obra bat izan zen, eta esan daiteke lehenengo obra sakona izan zela; nolabait, fama eman zidana. Itsasoetan zuen izena obrak, eta abestiaren letrak Zarauzko Basarri bertsolariak idatzi zituen.
Gaur egun, zer duzu esku artean?
Bizente Goikoetxea aramaioarrak koruarendako eta organoarendako egindako lana moldatzen ari naiz momentu honetan, obrak orkestrarekin jo ahal izateko
Sortze lanetan baino gehiago moldaketa lanetan nabilela esan daiteke. Bizente Goikoetxea aramaioarrak koruarendako eta organoarendako egindako lana moldatzen ari naiz momentu honetan, obrak orkestrarekin jo ahal izateko. Orkestrarendako moldaketa bat da egiten ari naizena eta esan behar dut gustura ari naizela moldaketa hau egiten.