Idoia Asurmendi (musikaria): "Sarreren dirua musika eskolari emango diot"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 27a, 14:22
Idoia Asurmendi aramaioarra domekan Bilboko Iberdola dorrean grabatzen. Argazkia: Fair Saturday.

Online.fairsaturday.org atarian bihar, apatua, 09:00etatik 23:00etara eskainiko dute Asurmendik domekan Bilboko Iberdrola dorreko heliportuan grabatutako kontzertua.

Kultura ekitaldietarako garai oparoenak ez diren arren, proiektu askotan murgilduta eta lanez lepo da Aramaioko musikaria.

Toki pribilegiatuan kontzertua grabatzeko aukera izan duzu. Pozik?

Oso esperientzia polita eta berezia izan da Bilboko Iberdrola dorreko heliportuan jotzea; sekulako eguraldia egin zuen, gainera; eskerrak! Esan zidatenez, Kepa Junkerak orain dela urte batzuk grabatu zuen han, eta ni izan naiz bigarrena, ez dute beste halakorik egin.

Nola joan zen grabazioa?

42. solairua da, eta ni bakarrik nengoen han, nire gitarrarekin eta pianorekin. Bi kamera zeuden bertan, 360 graduko irudiak hartzen dituena eta beste txiki bat nire aurrean. Teknikariak beheko solairuan zeuden eta ni goian, baina eroso egon nintzen.

Non eta noiz ikusi ahalko da?

Bihar, zapatua, izango da ikusgai, Online.fairsaturday.org/evento loturan, 09:00etatik 23:00etara bitartean. Hiru euro ordaindu behar da.

Zelako kontzertua izan zen?

Ordu erdi iraun zuen; udaberrian kaleratuko dudan diskoan jasoko ditudan zazpi kantu izan ziren. Taldearekin grabatu ditut, baina bakarlari formatuan eskaini nituen emanaldian. Abesti batzuk pianoarekin laguntzarekin kantatuta eta gainontzekoak, gitarra doinuen gainean. Nire tresna pianoa da, baina kantu batzuek gitarra gehiago eskatzen didate.

Zelako kantuak dira?

Elkarren artean ezberdinak dira. Orain dela hiru urtetik hona sortutako kantuak dira, azken urteetakoak gehienak. Ez dute lotura zehatzik; diskoan istorio orokor bat sortu dut, baina kantu bakoitzak mezu argia dauka. Hitzei dagokienez, denetarikoak daude: orain dela hiru urte Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunerako Xabi Igoaren hitzekin sortu nuena dago; aititaren eta amamen istorioak jasotzen ditu beste batek; haurrendako ipuina da beste bat... Musika estiloari dagokionez, estilo askoren eragina du-danez, horien guztien nahasketa dela esango nuke. Gero eta argiago dut nire profila kantautore batena dela.

Sarrerekin jasotako dirua Aramaioko musika eskolari eta Papargorri abesbatzari oparituko diozu.

Hala da, bai, ilusioa egiten dit piano bat erosteko nire laguntzatxoa eskaintzea, Papargorri abesbatzan hasi nintzen eta. Orduan ez zegoen musika eskolarik Aramaion, eta Arrasatekora joan nintzen. Orain, Aramaion musika eskola sortzen ari dira, Larraitz Arriolabengoak gidatuta; oso lotura estua dut Larraitzekin, nire piano irakaslea izan da, baita abesbatzako zuzendaria ere. Orain, Donostian nago, baina garrantzitsua da nondik natorren ez ahaztea eta herriko musikariei laguntzea, sekulako harrobia dago eta.

Zer diote eurek?

Azken orduko gauza bat izan da, eta oso eskertuta daude; oso mezu hunkigarria bidali zidan Larraitzek aurrekoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak