Aurreko bi edizio arrakastatsuren ostean, bueltan da herri-mailako bikoizketa txapelketa; oraingoan, Aramaioko Euskaraldiaren talde motorraren eskutik. Datorren asteartera arte eman ahalko da izena, udaletxean edo liburutegian, eta taldeak bi, hiru edo lau kidez osatuta egongo dira. Zuzeneko ekitaldia hi-laren 27an, ostirala, izango da, kultura etxean, 17:30ean hasita, eta edukiera mugatua egongo da. Ondorioz, txapelketa ikusteko tokia hartu beharko da aurrez liburutegian.
Lehiaketa hiru adin-tartetan sailkatuko da: 10 eta 12 urte artekoak, 12tik 20ra bitartekoak eta 20tik gorakoak. Taldeetako partaideek ez dute zertan adin-talde berekoak izan, eta nahastuta baleude, kategoria batean edo bestean kokatuko lituzkete.
Apropox Sormen Iturriko Iurgi Etxebarria antzerkigilea arduratu da, beste behin, aramaioarrei lehiaketan parte hartzeko formakuntza eskaintzeaz. Aretxabaletarrak gazteenekin bikoizketa menperatzen ikasteko saioak egin ditu San Martin herri eskolan, eta beste bi adin-multzoei Zoom bidezko ikastaro laburra jasotzeko aukera eskaini die asteon.
Aramaioarrak bikoizketa lehiaketaren eguna heltzeko "irrikaz" egoten direla azpimarratu du Etxebarriak: "Ondo pasatzeko eta umorea lantzeko aukera itzela ematen duen ariketa izan ohi da, parte-hartzaileek herri-mailako kontuak sartzen baitituzte testuetan". Publikoak bat-batekotasuna eskertzen duela ez du zalantzan jartzen antzezleak: "Taldeek aukeratzen duten eszenaren elkarrizketa prestatuta badakarte ere, zuzenekoan sortzen den giroak inprobisaziora jotzeko atea irekitzen die". Horregatik, dio "ekitaldi herrikoia eta atsegina" dela.
Sariketarako irizpideak
Epaimahaiak ahotsaren sinkronia, testua eta publikoaren erantzuna hartzen ditu kontuan lanak baloratzean. Adin-multzo bakoitzean batez besteko onena lortzen duen taldeak irabazten du saria, beraz: gazteenek Hontza Extrem-era joateko sarrerak, ertainek 75 euroko txartelak eta nagusiek jatetxe batean gastatzeko 80 euroko bonua.