'Limitado'-aren jabegoa, bostehun urtetik gorako auzia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko aza. 20a, 12:48
Aramaiokoak dira irudiko baserriak; Otxandioko eskolaren ondoan daude.

Aramaiok eta Otxandiok bostehun urte baino gehiago irauten duen auzia dute esku artean. Hala azaldu du Jose Mari Velez de Mendizabalek Hots begi danbolinak blogean. El limitado da auzia: seiehun hektareara iristen ez den lur eremua da, eta haren jabegoa dago auzitan.

Velez de Mendizabalek dio auziaren sorburua 1457an dagoela: "Elvira Leybarrek, 1448an Arrasaten hildako Aramaioko jauntxoaren alarguna zenak, eta haren seme Juan Alfonso Mujika Butronek dokumentu bat sinatu zuten. Dokumentu haren bitartez, limitado-ko lurrak Otxandiarrei utzi zizkieten erabileran, betirako. Sekula ez zuten jabetza transmititu; fruituak jasotzeko utzi zieten lur zatia". Seiehun hektareara iristen ez den lur zatiak Abadiñorekin, Legutiorekin, Otxandiorekin eta Aramaiorekin egiten du muga.

Aramaio Bizkaira?

"Historian zehar ahalegindu izan dira irtenbide ezberdinak bilatzen: XX. mendearen hasieran, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen epaile lana eta Aramaiori eman zion arrazoia. Gertatzen dena da Bizkaiak ez zuela erabakia onartu", azaldu du Velez de Mendizabalek. Izan ere, bi herrien arteko auzia bakarrik ez, bi aldundien artekoa ere bada auzia.

Hots begi danbolinak blogak beste bitxikeria bat ere badakar: Aramaio Bizkaira eroateko ahalegina. "El anunciador Vitoriano egunkariak, 1887an, Aramaio Bizkaira pasatzeaz dihardu; bitxikeria horri buruz gehiago jakin guran, Aramaioko Udal aktetan begiratu nuen. Urte bereko martxoaren 20ko aktan irakur daiteke batzar bat egitekoak zirela Oletan, martxoaren 28an, baina, egia esan, ez dut aipamenik aurkitu batzar hura egin zen edo ez ziurtatzeko", dio Velez de Mendizabalek. Auziak hainbat buruhauste sortu zizkien garaiko agintariei; izan ere, aramaioarrak kexu ziren limitado-koak ez zituztelako zergak ordaintzen, eta, haiek ordaindu ezean, aramaioarrek ere ez zituztela ordainduko mehatxu egin zuten –1887ko uztailaren lehenean Domingo Uribarrenek alkatetza utzi eta Ildefonso Mondragonek hartu zuen kargua–.

Herriko historia gogoan izatea

Auziari irtenbide zaila ikusten dio Velez de Mendizabalek; hala ere, gaia gogora ekarri nahi izan du, aramaioarrek herriaren historia ezagutu dezaten. Izan ere, Otxandion, irailaren lehenengo aste bukaeran, mugarriak ikusi eta aldarrikapena egiten dute: 1754an hasi zuten ohitura gaurdaino iritsi da. Basabisitta egitea du izena eta mugarriak bisitatzen dituzte.

Irtenbidea eman guran

Lierni Altuna alkateak ere konponbide bat nahiko luke; batez ere, han bizi den jendearen erosotasunagatik: "Limitado-koek Aramaion bozkatzen dute, baina hango lurretan zerbait egin nahi izanez gero bi udalei eskatu behar zaie baimena...". Badago nolabaiteko tratu bat: higiezinen eta landa-lurren zergak ordaintzeko, errekak egiten du muga: alde batekoek Otxandion ordaintzen dute eta bestekoek Aramaion. Ea, bada, auziak ez duen beste bostehun urte hartzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak