Haragi-behien ustiategi onena Arexolan dago

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko aza. 6a, 08:00

Peruena baserriko Joseba Jauregik Araba mailako haragi-behien ustiategi onenaren saria jaso du Foru Aldundiaren eskutik. Arexolan hazitako haragia herriko harategiari eta Ibai-Gane jatetxeari saltzen dizkio, besteak beste.

Arabako haragi-behien ustiategi onena Aramaion dago: Peruena baserriko Joseba Jauregi abeltzainak irabazi du 2020ko ustiategi onenaren saria. Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek abere-ustiategi hoberenak saritzen dituzte urtero. "Azoketan eman izaten dituzte sariak, baina, aurtengo egoera nolakoa den ikusita eta azokarik egin ez denez, saria jasotzera Aldundira joateko esan ziguten", azaldu du Jauregik.

284 ustiategi izan dira lehian

Lehiaketan 284 ustiategik parte hartu dute; horietatik, 105 Arabakoak. Guztira, 15 sari banatu dituzte: hiru EAE mailakoak eta beste guztiak probintzia mailakoak. Hain zuzen, Jauregik Arabari dagokion saria jaso du, haragi-behien kategorian. Esne-behien kategorian, Narbaizako Asoloste SL izan da onena; ardien kategorian, San Vicente de Aranako Josu Saez; eta zuhain hoberenaren kategorian, SC Urrutia Rueda –Gillerna–. 1.000 euro eta garaikurra eskuratu dituzte irabazleek.

Joseba Jauregi, baserriaren aurrealdean, diplomarekin eta garaikurrarekin.

Belar ondu ona egitea

Epaimahaiak zera hartzen du kontuan sariak ematerakoan: batetik, maila tekniko eta ekonomikoagatik nabarmentzen diren ustiategiak izatea; eta, bestetik, euren produkzio metodoak baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzera bideratzen dituzten ustiategiak. Jauregik dio bere kasuan belar ondu ona egitea baloratu diotela; eta, horrez gain, animaliek urtero txahala egitea. Horren harira, nabarmendu du bere indargunea hori dela: "Ekografoa ekartzen dut behiak barrutik nola dauden ikusteko, feturik duten... Horrek kostua du, bai ekonomikoa eta baita lan-karga ere; izan ere, behiak zelaian baldin badaude hona ekarri behar ditut lan horiek egiteko". Gaineratu du urtero egiten duela ikastaroren bat formakuntza jasotzeko.

Egunero egin behar den lana

Peruenan baserritik bizi izan dira beti; eta Jauregik 2006an hartu zuen abeltzaintzarekin aurrera egiteko konpromisoa. Ustiategia handitzen doa, poliki-poliki: "Txikia izanez gero, ezin zara hemendik bizi". Gaur egun, dozena bat ardi, 8 ahuntz, 150 txerri eta 100 bat behi ditu. Abeltzain lanak konstantzia handia eskatzen duela dio, egunero egin behar den lana delako.

Haragia Aramaioko harakinari saltzen dio, eta baita beste zenbait jatetxetan ere: "Egungo egoeran, jatetxe batzuk itxita daude eta horietan ondoen saltzen dena txuleta eta azpizuna da". Horrez gain, Amorotoko Ibai-Gane jatetxeari ere saltzen dio okela; Elikatu.com bidez aurrez prestatutako janaria saltzen du jatetxe horrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak