Kanpaina berezia abiatu du Gorbeialdeko Kaudrillak indarkeria matxistaren oinarriak azaltzeko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urr. 23a, 11:10

Bigarren ilustrazioa: Edertasun kanona.

Azaroaren 25aren harira kanpaina berezia abiatu du Gorbeialdeko Kuadrillak: Zer dira indarkeria matxistak? Zazpi kontzeptu zazpi ilustrazio bidez azalduko dituzte, astero ilustrazio bat argitaratuta. Elisabeth Perez barakaldarrak egin ditu lanak.

Gorbeialdeko Kuadrillak kanpaina berezia abiatu du Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. "Helburua da indarkeria fisikoaz harago dagoena azaltzea. Azaldu nahi dugu zertan oinarritzen den indarkeria matxista; eta zergatik indartu eta mantentzen den gaur egun", azaldu du Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun teknikari Jone Unzagak.

Sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina horren bidez, indarkeria matxista bere osotasunean landu nahi da, hedabideetan estaldura gehien dituzten kasuetan bakarrik jarri beharrean indarra. Horretarako, indarkeria matxista eragin, indartu eta mantentzen dituzten mekanismoak ilustrazioen bidez erakutsi nahi izan dituzte. Hain zuzen ere, Elisabeth Perez ilustratzaileak egin ditu.

Zazpi gai, zazpi ilustrazio

Indarkeria matxistaren existentziari azalpena emateko ezinbestekoa da, besteak beste, kontzeptu batuk barneratzea. "Zazpi kontzeptu identifikatu ditugu; horiek ematen diote erantzuna indarkeria matxistari, besteak beste", dio Unzagak. Zazpi kontzeptu horiek gure jendartean zer dakarten eta nola eragiten duten azalduko dute ilustrazioek. "Indarkeria matxistak zelan egituratzen diren ikustea ez da erraza izaten, erreproduzitzea eragiten dituzten jarrerak gure kultur sisteman oso barneratuta daudelako", gaineratu du Unzagak.

Astero bat erakutsiko dute

Azaroaren 25aren harira sortutako kanpaina dela kontuan hartuta, astero ilustrazio bat argitaratuko dute. Orain arte erakutsitako biak dira: genero rolak eta estereotipoak, eta edertasun kanona. "Indarkeria bezala ulertzen ez diren egoerak dira", dio Unzagak. Hau da, kanpainak erakutsi nahi duena da kolpe fisikoa bakarrik ez dela indarkeria matxista; hori bai, baina baita horren atzean ezkutatzen diren bestelako jarrerak ere.

Gorbeialdeko Kuadrillak astean behin ilustrazio bat argitaratuko du: ilustrazio hori eskualdeko udaletara bidaliko du eta horiek arduratuko dira Internet bitartez edo sare sozial bitartez ilustrazioak zabaltzeaz. Gaur-gaurkoz, formatu digitalean bakarrik argitaratuko dituzte.

Tinta txinatarrez egindakoak

Barakaldokoa da Elisabeth Perez ilustratzailea: "Lehenengo ilustrazioan, rolen ingurukoan, irudikatu nahi dudana da gizonezkoek beti lotu izan direla lehoiak aditzera ematen dituen balioekin: indartsuak, ausardia... Eta zebra, aldiz, gainontzeko animalien harrapakina izan da. Baina ikus daiteke mozorrotuta daudela. Izan ere, mozorroak aldatu egin daitezke. Pertsonalitatearekin du zerikusia, eta ez generoarekin".

Kanpaina aurrera dioan heinean ilustrazio gogorragoak eta serioagoak landuko dituztela azaldu du Perezek. Ilustrazioetan landu beharreko gaiak Berdintasun Sailak ezarritakoak izan direla dio, eta, hori horrela, asko ikasi duela. Ilustrazio guztiek kromatismo bera izango dute eta tinta txinatarrez egindakoak izango dira, digitalki landuak. "Uste dut gaia ondo ulertzen dela ilustrazioetan", dio Perezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak