Laia Eskolako hainbat saio modu birtualean jarraitzeko aukera egongo da aurten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urr. 2a, 08:00

Laia Eskola 2016an jarri zuten martxan landa eremuko emakumeen jabekuntza bultzatzeko. Gorbeialdeko Kuadrillako berdintasun teknikari den Jone Unzagak nabarmendu du ordurako bazegoela, modu xume batean, feminismoa eta berdintasuna aldarrikatzeko bidea landa eremuan.

Lehenengo ekitaldia, eta, bide batez, Laia eskolaren aurkezpena, urriaren 9an egingo dute, Zuiako udaletxeko areto nagusian, 18:00etan. Ekitaldi berean Arabako LGTBI diagnostikoa aurkeztuko dute. Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Nerea Melgosak eta Aldarte zentroko zuzendari Lala Mujikak parte hartuko dute hitzaldian. Gazteleraz izango da aipatutako saioa.

Aramaion izango direnak

Antolatu dituzten ekitaldien artean, Aramaion egingo dituzte irakurle-klub feministako euskarazko saioak. Urriaren 19an izango da aurkezpena, 18:00etatik 20:00etara, kultura etxean. Ainhoa Aldazabal Gallastegi euskal filologoa eta literatura feministan aditua izango da koordinatzailea. "Literatura ona partekatu" eta feminismoaren historia ezagutzeko begirada zabalduko dute saioek. Emakumeei zuzendutako ikastaroa izango da. Hilean behin elkartuko dira, hileko bigarren astelehenean. "2017an egin zen lehen aldiz irakurle-kluba, eta guretzat oso garrantzitsua da euskaraz izatea. Sei bat lagun elkartu ohi dira", dio Unzagak.

'Laia plazara'

Ukitu gabe, elkartu gabe eta urrutitik elkar lagundu eta zaindu ahal izateko plaza birtuala sortu dute aurten: Laia plazara. "Hainbat ekintza online ikusteko aukera izango da. Gorbeialdearen kasuan, ordea, ahal den neurrian eta dauden muga guztiekin ekintza presentzialak lehenetsiko ditugu. Online konektatzea aukera ona da, baina arrakala bat dago teknologiekin, eta askoz gehiago emakumeen kasuan. Emakumeekin jabekuntza teknologikoa lantzea ezinbestekoa da ekintzen eskaintza online izan baino", dio Unzagak.

Zinegoak jaialdia

Aurten, lehen aldiz, Bilboko Zinegoak jaialdiarekin bat egingo du kuadrillak: "Transmititu nahi dituen baloreak eta aldarriekin bat egiten dugulako". Ez dute zehaztu proiekzio eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak