Hirigune historikoa berritzeko plan bereziari hasierako onarpena eman diote

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urr. 1a, 15:15

Ibargoia kalea.

Gune historikoan zer egin daitekeen arautuko du joan den egueneko osoko bilkuran hasiera eman zitzaion birgaitze planak. Horrez gain, landa-bideen inbentarioen hirugarren fasea ere onartu zuten.

Joan den eguenean egindako osoko bilkuran, Ibarrako gunea berritzeko plan bereziari hasierako onarpena eman zioten."Ibarra guneko zati bat hirigune historiko moduan dago izendatua 1995etik. 1997an, birgaitze plan bat onartu zen; bada, orain egin nahi dena da plan horren berrikusketa bat", azaldu du Udaleko arkitekto Beñat Mendiburuk. Birgaitze plan batek egiten duena da gune historiko horretan egin daitekeena arautu. "Ibarran badaude hainbat eraikin historiko, badago plaza, ermita, interes handiko eraikinak direnak, babestuak daudenak. Bada, plan honekin egingo dena da irizpideak markatu aipatutako patrimonio hori kontserbatu eta birgaitzeko", gaineratu du.

Udalak hasierako onarpena eman dio planari. Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da ondoren –urriko lehenengo astean izango da hori–; gero, herritarrek 20 egun baliodun izango dituzte plan horri alegazioak jartzeko.

Aldaketa nabarmenenak

"2019an onartu zen patrimonioaren lege berrira egokitzea da plan honen aldaketa nabarmenena; horrez gain, Ibargoia eta Nardeaga kaleetan lortuko da espazio publikorako partzela bana", dio arkitektoak. Azkeneko planaren arabera etxebizitzak eraikitzeko baimena zuten partzela batzuetan, baimen hori kontzentratu egin dute –horizontalean eraiki beharrean, etxebizitza kopuru bera bertikalean eraikitzeko baimena eman, adibidez– eta modu horretan partzela horietako lursail eraikigarri zati bat leku publiko bihurtu dute. "Bestalde, lehen eraikigarriak ziren partzela batzuk orain ez dira eraikigarriak izango uraren arautegi berriaren arabera. Hau da, partzela horiek uholde arriskua daukate orain", gaineratu du Mendiburuk.

Landa-bideen inbentarioa

Landa-bideen inbentarioen hirugarren fasea ere onartu zuten egueneko bilkuran. Orain dela urtebete, behin-behinekoz onartu zen hirugarren fasea. Hala, inbentario horri bost alegazio aurkeztu dizkiote herritarrek. "Bost alegazio horietatik bakarra onartu da", azaldu du Lierni Altuna alkateak. Inbentario horrek jasotzen du zeintzuk diren Aramaioko bide publikoak, katastroan sartuta daudenak. "Lehenengo fasean, bide nagusiak sartu genituen katastroan, asfaltatutakoak, hormigoizkoak... orain egin duguna da lan hori borobildu", gaineratu du Altunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak