Gaikako bilketa selektiboak gora egin du Aramaion; baina, baita sortzen den hondakin kopuruak ere

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko ira. 28a, 09:04

Herritar bat edukiontzi horira hondakinak botatzen.

Arabako Foru Aldundiak hondakinen inguruko datuak argitaratu berri ditu. Datu orokorrak kontuan hartuta, azken urteotan hondakin gehiago sortu dira Aramaion; baina, gaikako bilketa selektiboak ere gora egin du.

Gora egin dutenak hondakinen sorreraren datuak dira; hau da, 2019an 2018an baino hondakin gehiago sortu zituzten aramaioarrek. Hain zuzen, 2018an 299 kilo sortu zituen aramaioar bakoitzak urte guztian; eta 2019an, aldiz, 342 kilo hondakin sortu zituen biztanle bakoitzak urtean. Araba mailan, herritar bakoitzak 409 kilo hondakin sortu zituen 2019an –2018an baino %3 gutxiago–. Hortaz, Araba mailan jaitsi egin da sortzen den hondakin kopurua, eta Aramaion, aldiz, urtebetean gora egin du kopuru horrek.

Errefusera botatzen dena

Hondakin mota bakoitzeko bilketa selektiboari buruzko datuek nabarmen egin dute hobera Aramaion. Gainera, nabarmendu behar da Aramaioko datuak Arabakoak baino hobeak direla. Arabako datuei begira jarriz, sortzen duten hondakinen %66 errefuseko edukiontzira botatzen dute; Aramaion, aldiz, datu hori %52koa izan zen 2019an; eta 2018ko datua %64 izan zen. Arabako Aldundiak azaldu du sortzen den hondakina errefusera ez botatzea dela duten erronka handiena.

Etxeko konposta

Auzo-konposta edo etxeko konposta egiteak eragin zuzena du datuetan. 2019ko datuen arabera, 72.000 kilo biohondakin kudeatu ziren aipatutako konpost guneetan. Konpost guneetan kudeatzen diren biohondakinen datuak ez dira zehatzak –ez da etxeko konposta neurtzen–; baina errefusaren edukiontziak pisatu egiten dira, eta hor ikus daiteke datuek behera egin dutela. Errefuseko edukiontzian jasotzen diren hondakinei erreparatuta, 2019. urtean %6,5 murriztu zen errefus kopurua 2018. urteko datuekin alderatuz. Hori horrela, Aramaioko udal ordezkariek eskerrak eman nahi dizkiete lan hori egiten duten herritar guztiei, eta horrela jarraitzeko animoak eman.

Osteta kaleko konpost guneetan hobekuntzak egin dituzte

Osteta kalean dauden auzo-konpost guneetan hainbat hobekuntza egin ditu Udalak azkenaldian. Konpostagailuen tapak aldatu dituzte eta egituratzailea pilatzeko modulu berri eta handiagoa instalatu dute. Hobekuntza horiekin gune horren funtzionamendu egokia mantentzea espero dute udal ordezkariek. Hobekuntza horiekin eta Aita Gabireleko gunearekin batera, hondakinen kudeaketa "sistema jasangarri baten aldeko apustua sendotu" egin du modu horretan Udalak.

Osteta kaleko auzo-konpost gunea 2015. urtean jarri zuten martxan. Gunea egokitu eta konpostagailuak jartzeaz gain, ekimena herritarren artean zabaltzeko komunikazio kanpaina abiatu zuen Udalak. Orduan, 40 familia inguruk eman zuten izena konpostagailuak erabiltzeko; bada, ordutik, etxeko hondar organikoa han konpostatzen dute familia horiek. Udalak emandako datuen arabera, gune horretan, urtean 5,1 tona biohondakin kudeatzen dituzte parte hartzen duten herritarrek, Udalak egiten dituen mantentze eta jarraipen lanen laguntzarekin. Modu horretan, organiko horiek errefusera botatzea saihesten da: "Ingurumenaren eta ikuspegi sozial batetik aukera askoz ere jasangarriagoa da auzo-konposta. Hau da, azken finean, ekonomia zirkularraren oinarria", diote udal arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak