"Bizikidetza taldeak errespetatu behar ditugu. Aramaion hiru bizikidetza talde daude: HH, LHko 1., 2. eta 3. mailak eta LHko 4., 5. eta 6. mailak", azaldu du guraso elkarteko Jone Txintxurretak. Taldeak sortzen dituztenean, eskolaz kanpoko jardueretako arduradunekin batzartu eta protokoloa zehaztuko dute: "Oinarrian eskolako protokoloa izango duena".
Kirola ez, bestelakoak bai
Gaur-gaurkoz, Aldundiak ez du baimentzen eskola kirola egitea; bai, ordea, bestelako ekintzak. Hori horrela, pintura, robotika, ingelesa, hizkuntza musikala eta instrumentua, dantza, trikiti eta panderoa eta bertsolaritza eskainiko dituzte.
Pilota elkartea
Pilota elkarteak federatuekin bakarrik hasiko ditu entrenamenduak: "Gure asmoa betiko moduan entrenatzea izango litzateke, baina eskolarrek ez dute baimenik", dio Heriberto Arriolabengoak. Iaz ,15 bat neska-mutiko ibili ziren pilota elkartean, eta iazkoek jarraituko dute, baina ez dakite jende gehiago egongo den edo ez. Umeek astean bi saio egin ohi dituzte. "Asier del Campo izango da aurtengo entrenatzailea", dio Arriolabengoak, eta gaineratu du entrenatu ahal izateko COVID19-aren inguruko ikastaro bat egin beharko duela; horrez gain, elkarteak protokolo bat landu beharko du, eta osasun arduradun bat izendatu. Horiek egiten dihardute elkartean, Foru Aldundiak entrenatzeko baimena eman bitartean. Federatuek datorren astean hasiko dituzte entrenamenduak.
Musika eskola eta Papargorri
Hainbat higiene neurri hartuko dituzte: sartu-irtenak leku ezberdinetatik egin; eskuak garbitu; bi kutxa izango ditu erabilitako materiala eta erabilita ez daudenak gordetzeko; eta maskara gelara sartzeko erabiliko dute, baina gelan ez
Musika eskolak datorren astean hasiko ditu eskolak. San Martin eskolako gelak erabiliko dituzte hizkuntza musikaleko eta instrumentuko eskolak emateko. Larraitz Arriolabengoa pozik dago, iazko ikasturtea zaila izan arren gaztetxoak animatu direlako eskolekin jarraitzera –kopuru zehatza asteburuan jakingo dute–. Hala ere, nabarmendu behar da 50 ikasleren bueltan ibiltzen direla musika eskolan. Hainbat higiene neurri hartuko dituzte: sartu-irtenak leku ezberdinetatik egin; eskuak garbitu; bi kutxa izango ditu erabilitako materiala eta erabilita ez daudenak gordetzeko; eta maskara gelara sartzeko erabiliko dute, baina gelan ez.
Papargorriren kasuan, Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak landutako protokoloaren arabera pertsona bakoitzak 2,25 metro karratuko espazioa behar duela kontuan hartuta, musika etxea izango dena erabiliko dute entseguak egiteko –estreinatu barik dago oraindik musika etxea–.
Bertso eskola
Bertso eskolan iraila erabiliko dute eskaintza prestatzeko eta urrian hasiko dituzte saioak. 11-12 urtetik hasi 15-16 urte bitarteko hiru talde izan zituzten iaz –15 bat neska-mutiko–; asmoa da aurten ere horiek mantentzea.
Lagun-artean dantza taldea
Lagun-artean dantza taldekoek urrian hasiko dituzte entseguak. "50 bat dantzari izaten ditugu urtero", dio zuzendaritza taldeko kide Rosa Mondragonek. Frontoian dagoen erabilera askotariko gela erabiltzen dute, eta horrekin jarraitzeko asmoa dute.