Kofradia guztiak bezala, helburu erlijiosoa zuen: ama birjinaren bitartez Jainkoa gurtzea. Hala ere, beste helburu bat zuen: kofradeen familiak ekonomikoki laguntzea, batez ere, kofrade baten heriotzaren gastuekin. Jose Mari Velez de Mendizabal historialari arrasatearrak argitaratu zuen kofradiaren gaineko liburua 2015ean, eta gaineratu du bigarren helburu hori gaur egun “solidaritatea” izango litzatekeela.
Hijosdalgoentzako bakarrik
Kofradiaren sorreran, Hijosdalgo zirelakoak bakarrik ziren kideak. “Hijosdalgo izateko, mairuekin eta juduekin zerikusi genealogikorik ez zenuela ziurtatzea beharrezkoa zen”. Hori ziurtatzeak, ostera, kostu ekonomiko handia zekarren: “Beraz, Hijosdalgo izateaz gain, dirudunak izan behar zuten hasierako kofradeek”. Velez de Mendizabalek aipatzen duen solidaritatearen adibide bat da 1680an gertatutakoa.
“Nekazaritza kontuei dagokienez, urte negargarria izan zen 1680a, eta, hori ikusita, Aramaioko alkateak –hura ere kofradeekin harreman estua zuena– bilera batera deitu zituen. Bilera hartan, herriak laguntza ekonomikoa behar zuela argi geratu zen; pobrezian murgilduta zegoen herri xumea, eta kofradiak orduan 200 dukatu jaso zituen Ameriketako pertsona batek emanda, baselizan egin beharreko obra bat aurrera eramateko. Bileran erabaki zuten egoera txarrari aurre egiteko 200 dukatu horiek herritarrei laguntzeko erabiltzea eta Arabara joan ziren kofra-deak garia erostera. Garia, ostean, aramaioarren artean banatu zuten mailegu bezala”.
Jaun eta jabe
Udalean ere, Hijosdalgoekin lotura zuten pertsonak zeuden; izan ere, alkate izateko “milarista” izan beharra zegoen, “gaur egungo aberatsak ziren milaristak”.
Gainera, XIII. mendetik aurrera, Aramaio eta haren patua kontrolatzen zuen figura bat egon zen; Aramaioko jauna. Hasieran Aramayona abizena zuen familiako kideak ziren, eta denborak aurrera egin ahala, De Butron eta Mugika familiekin nahastu ziren. Hala ere, familia haiek izan ziren herriaren nondik norakoen aginean agintzen zutenak, adibidez, alkateak aukeratzen.
Kondairak
Ibabe ermitaren inguruan ere kondairak egon badaude. Famatuenetako batek dio, mendeetan ahoz aho kontatua, bertan epaiketak egiten zirela eta urkamendia zegoela. Hara bidaltzen zituzten zaharrek erruduntzat jotzen zituzten epaituak, eta han zintzilikatzen omen zituzten.
Velez de Mendizabalek, ordea, teoria hori sinistea “zaila” egiten zaiola dio: “Izan ere, kofradiaren inguruan Hijosdalgoak bakarrik ibiltzen ziren, eta oso arraroa litzateke herri xumearekin nahastuta ikustea”. Gainera, Barajuenen egiten ziren epaiketak, Barajuengo arbolaren inguruan.
Azpijokoa lurrak ez galtzeko
1865 eta 1970 urteen artean, espoliazio orokorra jasan zuten ibarreko baseliza eta elizek, eta Ibabeko ermita, kofradeen azpijoko bati esker, espoliazio hartaz libre geratu zen.
Karlistaldia amaituta, giro ezegonkorra sumatzen zuten kofradeek, eta, espoliazioa ikusita, ermita eta zelaia ez galtzeko idatzi bat egitea erabakitzen dute. Horrela, 1877ko lursail publikoen errolda aprobetxatuta, Aramaioko Udalari eman zioten baselizaren eta zelaiaren jabetza. 1942an, ostera, hitzez bada ere, Aramaioko Udalak aitortu zuen jabetza kofradiarena dela, eta, ofizial egin ez duten arren, gaur egun bien artean zaintzen dute ingurua.
Gaur egun 140 kofradetik gora
Urte luzez Ibabeko Andra Mariko Kofradiara sartzea gutxi batzuen esku egon zen arren, XIX. mendean gauzak aldatu egin ziren.
1845ean, hain zuzen, zabaldu zen herritarrentzako kofradia. Liburuan azaltzen den moduan, I. Karlistaldiaren ostean kofradia kide barik geratzen ari zen, eta Simon Etxebarria-Elorriagak eta Julian Domingo Etxabarriak bertan sartzeko baldintzak aldatzea proposatu zuten. “Nolabait kofradia demokratizatu” egin zutela dio historialariak. Baldintzen artean atentzioa ematen zuenik ere badago; tartean, kofradiako kide izateko ezin-bestekoa zela bizilekutik egun bakarrean Ibabera heltzeko aukera izatea.
Egun, kofradia, alde erlijiosoa mantentzeagatik baino gehiago, tradizioarekin jarraitzeko dago bizirik. Horrekin batera, historia berreskuratzeko lan handia dabil egiten kofradia, eta horren erakusle argia da Ibabeko Andra Mari Kofradia liburua.