Zadorra sistemako urtegirik txikiena da Albina. Kruzeta mendatea gainditu eta Gasteizerako bidean –hiriburutik bederatzi kilometrora– ezkerreko aldean gelditzen da urtegia. Uraren mailara eta aldameneko belardietara joateko bideak ondo seinalatuta daude, errepide aldamenean; izan ere, Arabako Foru Aldundiak jarritako informazio-panelak daude. Urtegia, gutxi gorabehera, lau kilometrotan zehar zabaltzen da eta forma luzanga eta estua dauka. Edertasun handiko parajea da, itsaso txikia baso zabalen artean zabalduko balitz legez. Urtegiko behealdeko uretan dauden harlauza handiek gogora ekartzen dute hori zela lehen Aramaiora zihoan galtzada.
Babestutako ingurua da, eta, beraz, naturarekin errespetuz jokatu behar da urtegiko inguruetan –ezin da nabigatu, ezta bainatu ere–; hala ere, gune zabala dago lasai egoteko. Karramarro gorria berreskuratzeko programa martxan jarri dute urtegian.
Aramaiotik gora Otxandiora bidean dago Albinako urtegia.