San Martin eskolako ikasle eta irakasleek agurtu dute ezohiko ikasturtea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko eka. 27a, 09:00
Argazkia: Ana Atxa.

Ezohiko ikasturteari agur esateko unea iritsi zitzaien San Martin eskola osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoei. Azken jaia egin zuten; protokoloak arautzen duen moduan, talde txikietan eta tarteak errespetatuaz elkartu ziren eskolan 2019-2020 ikasturteari agur esateko.

Martxoaren 11n itxi zituen ateak San Martin eskolak; bailaran lehenengoak izan ziren ateak ixten. Herri eskolako zuzendari Saioa Uriartek dio "sekula" ez zuela pentsatuko horrela zerbait bizi beharra izango zutenik. "15 egunerako itxi genituen ateak, eta astetik astera ematen zigun informazioa Hezkuntza Sailak; ez genekien zein izango zen etorkizuna", gogoratzen du Uriartek.

Egoera berrira ondo moldatu direla dio: "Eskola ondo prestatuta daukagu eta ez dugu zailtasunik izan". Teknologia aldetik ondo prestatuta egoteak ahalbideratu du ikasleekin eta familiekin harremana izatea. Aramaioko herri eskolan HH eta LH mailetako haurrak daudela kontuan hartuta, lan egi-teko modua horiei zuzenduta antolatu dute. "Haur Hezkuntzako familiei proposamenak bidali dizkiegu, etxean txikienekin egiteko modukoak", dio Uriartek. Familia bakoitzak izan dituen aukeren eta egoeraren arabera egin ditu proposamenak.

Ordenagailua: komunikaziorako

Lehen Hezkuntzako ikasleekin komunikaziorako tresna izan da ordenagailua: "Komunikaziorako tresna moduan ordenagailua erabili dugu; baina proposamen guztiak ez dira ordenagailuan egitekoak izan. Etxean egin beharreko lana beste era batera ere antolatu dugu". Martxo erdialdean hasi zen alarma egoera uste baino gehiago luzatu da. Hala, apirilaren 28an ospatzen den San Prudentzio eguna ere bete-betean harrapatu zuen egoera bereziak. Eskolak, baina, badu egun berezi hori ospatzeko ohitura, bezperan erretreta jota. Eta aurten ere horrelaxe egin dute: modu berezian ospatu zuten San Prudentzio. Online ikastaroen bitartez ikasi zuten umeek dan-borrak egiten, eta erretreta praktikatzeko aukera ere izan zuten. Auzoz auzo eta kalez kale Aramaioko txoko guztietara iritsi zen furgoneta musikarekin, eta geldialdiak egin zituen, haurrek danborrak eta txirulak jo eta abes zezaten.

Elkarrekin, talde txikietan

Haurrek etxean emandako denbora luzearen ondoren, barikuan izan zuten berriro ere lagunekin elkartzeko aukera. "Umeek gaitasun handia dute egoera ezberdinetara egokitzeko. Beste edozein pertsona bezala, eurak ere nekatu dira, eta gustura hartu dute lagunekin egoteko aukera", azaldu du Uriarte zuzendariak. Azken asteetan neska-mutiko batzuek izan dute aukera elkarrekin egoteko, baina ez denek. Horregatik, barikuan, ekainaren 19an, egindako agurra oso positiboa izan zela gaineratu du Uriartek: "Harreman hori izan ez dutenendako eta guztiendako, orokorrean, oso positiboa izan zen. Elkar agurtzeko aukera izan genuen eta, bide batez, azken hilabete hauetan nola sentitu diren adierazteko unea ere izan zen".

Ordubeteko saioa egin zuten, talde txikietan banatuta. Urteroko ohiturari jarraituz, LHko 6. mailako ikasleen agurra izan zen barikuko jaia. Izan ere, datorren ikasturtean, Aramaioko eskola utzi eta institutura joango dira aipatutako ikasleak. I

Ikasleekin egin beharreko lana amaitu duten arren, irakasleak oraindik lanean daude ikasturtea amaitzen. "Oraindik ez gara hasi ikasturte berria antolatzen, eta horretan ere hasi beharko dugu", dio zuzendariak.Ikasturte berriko gorabeherak "airean" daudela dio; Hezkuntza Sailak esandakoa egin behar izaten dutela eta aginduak momentu batetik bestera alda daitezkeela. 2019-2020ko ikasturtean 117 haur eta gazte izan dituzte Aramaioko San Martin eskolan: HH eta LH mailak batuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak