Gurasoen iritziak ezagututa eta Udalaren eta udalekuak kudeatzen dituen Ortzadar enpresaren arteko hartuemanen ondotik erabaki dute udaleku irekiekin aurrera egitea, ume eta gaztetxoen beharrei kasu eginda, eta, dagoeneko kalean nahi beste ibil daitezkeenez, ordu batzuetan izaera pedagogikodun aisialdia izatea onerako izango zaielakoan, Udaletik adierazi dutenez.
Noski, egoerara egokitutako udalekuak izango dira, hartu beharreko neurri guztiak hartuta.
Begirale jarduteko izena ekainaren 24a bitartean eman ahalko da. Hautaketa prozesuan, kontuan hartuko da Aramaiokoa izatea, begirale titulua izatea edo Haur Hezkuntza ikasketak (eginak edo egiten), aurretik esperientzia izatea eta EGA izatea.
Aukeratutako pertsonek formazio berezia jasoko dute ekainaren 25ean, modu telematikoan.
Udalekuen ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da, astelehenetik barikura.