Ogasun batzordean aztertu zuten aurrez gaia, eta 15.000 euroko partida bideratuko dute COVID19aren krisiak herriko negozioetan izan duen eragina arintzen laguntzeko; Udalaren soberakinetik hartu dute diru kopuru hori, dekretu bidez.
Kasuistika desberdinen arabera banatuko da dirua; erabat itxita egon direnei hileko 400 euroko dirulaguntza emango diete –bi hilabete ingurukoa izan zen derrigorrezko itxialdia–, Lierni Altuna alkateak azaldu zuenez: "Horrez gain, itxita egon diren horiek langileren bat edo beste baldin badaukate eurekin lanean, proportzioan, 100 euro edo lan-jardunaren araberako kopurua jasoko dute".
Gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ibili direnek ere eskatu ahalko dute laguntza, eta baita negozioaren zati bat itxita eta beste bat zabalik izan dutenek ere; azken horiek 200 euro jaso ahalko dituzte hilabete bakoitzeko. Deialdiaren argitalpen datatik hasita –Arabako Aldizkari Ofizialean–, hamabost egun izango dituzte interesdunek eskaria egiteko.
Atzo egindako osoko bilkuran oniritzia eman zion udalbatzak, aho batez, laguntza deialdia egiteari. Hain justu, ildo berekoa zen jaiei buruzko inkesta bete duten hainbat herritarrek Udalari egindako proposamena; jaietarako behar zuen diruak herriko negozioei laguntzeko erabiltzea, alegia.
Bestelako laguntzak
Herriko talde soziokulturalak diruz laguntzeko deialdiaren oinarriak ere onartu zituzten atzoko osoko bilkuran; 15.000 euro bideratuko dituzte honetara ere, hasiera batean – dagokion batzordeak egokitzapenak egin ahal izango ditu, egoeraren bilakaeraren arabera–. "17.000 euroren bueltan egon da azken urte luzeetan; aurtengorako 18.000 jarri genituen, baina ikusita zein den egoera eta hiru hilabetean nahikoa geldi egon dela kontua, eta diru murrizketak eduki ditugula, eta abar, 15.000 euroko partida jarri dugu", azaldu zuen alkateak. Hamabost egun izango dira eskari hauek egiteko ere.
Auzoetako jaietarako dirulaguntzen oinarriak ere onartu zituzten osoko bilkuran.
Hiru hilabete eta erdi geroago
Otsaileko osoko bilkuratik besterik egin gabea zen Aramaioko udalbatza; martitzenean bildu zen berriro, ezohiko izaeraz. EAJko zinegotzi Juan Antonio Peñak 2020ko aurrekontua egokitu beharra adierazi zuen bertan; egin beharrekoa aztertzekotan geratu ziren.