Herriko jaiei dagokienez, 58 lagunek erantzun dute Udalak prestatutako inkesta. Udalak adierazi duenez, "gehiengo handi batek" uste du jaiak ez liratekeela ospatu beharko, nahiz eta horietako askok uste duen ekintzaren bat, neurri guztiak hartuta, egin daitekeela. Jaietara bideratu behar zen dirua konfinamendu garaian itxita egon diren herriko negozioei laguntzeko erabiltzea proposatu dute hainbatek.
Jaiak bertan behera uztea baina ekintza puntualen bat egitea, horixe asteleheneko bileran ere kultur taldeek hobetsitako aukera.
Udalak, beraz, hartu du erabakia: jairik ez; ekintza puntualen bat, agian; eta udazkenean, "egoera hobea bada, jai antzeko batzuk", hori ere agian, "denborak esango du".
Esandakoa, baina, aste batzuen buruan prest izan nahi dute Udalak eta taldeek "kultura agenda bat", zenbait ekintza egiteko denboran eta espazioan sakabanatuta, auzoetan, bestek beste.
Auzoetako ordezkariekin ere egin du bilera Udalak astean, eta, azkenean, erabakia izan da jaiak egin edo ez erabakitzea auzoen esku uztea; osasun neurriak errespetatu beharko lirateke, noski, eta Udalak garrantzitsu ikusten du jairik egitekotan auzotarren adostasunez egitea, "haserre, arrisku edo gaizki ulerturik ez egoteko".