Udaletxea eta liburutegia, astelehenetik aurrera zabalik

Julen Iriondo 2020ko mai. 30a, 16:34

Aurrez aurreko zerbitzua eskainiko dute, beharrezko neurri guztiak hartuta. Aramaioko Udalak bere webgunean sortu duen atal berrian kontsultatu ahalko dira horiek eta COVID-19arekin lotutako beste informazio batzuk.

Aramaioko Udalak eta Aramaioko Argindar Banatzaileak astelehenean irekiko dute aurrez aurreko zerbitzua; koronabirusa prebenitzeko jarraibideak kontuan hartuta emango da zerbitzua, hala ere.

Udaletxeko bulego nagusira igotzeko, gizarte zerbitzuetara igotzeko edota Aramaioko Argindar Banatzailearen bulegora joateko, neurri hauek izan behar dira kontuan:

  • Sartzeko, tinbrea jo eta igogailutik edo eskaileretatik igo. Igogailua erabiltzekotan, maskara jarri eta banan-banan igo.
  • Aldiko pertsona bakarra egon ahal izango da bulegoan.
  • Segurtasun distantzia mantendu. Norbaitekin elkartuz gero, bi metroko distantzia mantendu, eta, ezin bada, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
  • Bulegora sartu aurretik, eskuak desinfektatu beharko dira, hainbat tokitan jarri diren produktuak erabilita.
  • Momentu guztietan udal langilearen jarraibideak zaindu beharko dira.

Ordutegia:

  • Aramaioko Udalaren ordutegia: egunero, 09:00 - 14:30.
  • Aramaioko Argindar Banatzailearen bulegoa: egunero, 12:00 - 14:00.
  • Gizarte zerbitzuak: aldez aurretik hartu behar da txanda –945-43 04 60 (asteazken eta  ostiraletan) eta 945-45 50 11 (astelehen eta ostegunetan)–.

Liburutegia

Aramaioko liburutegiak ere astelehenean irekiko ditu ateak. Liburutegira joan aurretik, kontuan izan beharko da:

  • Sartzeko beharrezkoa da maskara jartzea.
  • Ahal bada, bakarrik joan.
  • Igogailua: beharrezkoa bada bakarrik erabili.
  • Liburua, aurretik aukeratu daiteke. Horretarako, Aramaioko liburutegian dauden liburuak kontsultatu daitezke hemen: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea. Eta barruan, katalogo osoa –katalogo osoa/araba/aramaio–.
  • Bestela, e-postaz edo telefonoz ere egin daiteke erreserba: kulturetxea@aramaio.eus edo 945-44 53 74.
  • Liburutegian kopiak egin ahal izango dira.

Ordutegia:

  • Astelehen, asteazken eta ostiraletan,   17:00-19:00.
  • Astearte eta ostegunetan,  11:00-13:00.

Funtzionamendu orokorra:

  • Araudiak zehazten duena jarraituta, liburuak entregatu ondoren, hamalau egunez egon beharko dira geldirik, hurrengoak berriz maileguan jaso arte.
  • Behin barruan, ezin izango da liburuen apaletara joan.
  • Garbitasun zorrotza egingo da instalazioetan egunero, eta sartzen diren pertsona guztiek erabili beharko dute eskuak desinfektatzeko produktua.

Gelen erabilera

Bestalde, eta kultura etxea zabalduko dutenez, herriko taldeek aukera izango dute beraien gelara igotzeko eta materiala hartzeko, adibidez.

Herriko taldeek jarraitu beharreko jarraibideak:

  • Nahiz eta gela hauek itxita dauden, liburutegiaren arduradunarekin adostu daiteke bertara sartzea materiala hartzeko.
  • Bileraren bat egin behar izanez gero, liburutegiaren arduradunarekin adostu beharko da eta berak zehaztuko du non eta nola egin: kulturetxea@aramaio.eus edo 945-44 53 74.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak