Trinketa, aramaioarren gustuko modalitatea

Julen Iriondo 2020ko mai. 25a, 10:29

Danel Herrarte, eskuinean, buruz buruko final ostean; ezkerrean, Asier del Campo.

Gipuzkoan ez bezala, Araban bada pilotarien artean trinketerako joera –asko egiten du instalazioa izateak; Gasteizen badira zenbait–. Hainbat aramaioar ibili izan dira, beraz, frontoi bereziotan euren trebezia erakusten. Danel Herrarte da azkenetakoa.

Danel Herrarte 7 urterekin hasi zen pilotan, eta aurten, 15 urterekin, izan du lehen aldiz trinketa probatzeko aukera. Gustatu zaio esperientzia. "Agian, ezker pareta baino gustukoago dut", dio. Bi txapelketa jokatu ditu, Araba mailakoak: finalerdietara iritsi zen binaka, eta finalera buruz buru –galdu egin zuen, Legutioko Iñaki Cariñanosen aurka, alde handiarekin irabazten joan arren–.

Prestaketa handirik gabe joan zen Herrarte trinketeko bere lehen txapelketara, "aurretik entrenamendu bakarra eginda, berde-berde". Dena dela, ez zitzaion horren arrotz, aurrez anaia Jon eta beste batzuk ere jokatzen ikusita: "Aramaioarren batek finala-edo jokatzen zuenean, joaten ginen ikustera. Niri betidanik gustatu izan zait".

Eta dio nahikoa ondo moldatu dela hasieratik, nahiz eta ematen duena baino "are zailagoa" dela aitortu.

Jokoaren gakoak

Hainbat gauza izan behar dira kontuan eta egin behar dira ondo trinketean arrakasta izateko: "Sakea oso gauza inportantea da, sarera bidaltzea. Sake ona baduzu, partiduaren zati handi bat eginda daukazu. Kontrarioak erantzuteko lan zaila edukitzen du sarera bidaliz gero, boleaz sartu behar da edo... hori gakoa da. Horrez gain, teilatua du trinketak, eta teilatu gainetik pilota atzera bidaltzea ere oso inportantea da. Altuera askorik ez ematea ere bai; aurrean hartuz gero eman diezaiokezu altuera, baina beti bideratuta, ez frontoian modura; eta kontuz ibili behar da ezkerreko eta eskumako hormekin, atzeko partean teilatua baino apur bat gorago botata falta da eta. Argi ibili behar da frontoiko ohiturekin, hobe da pilotari zeharkako posturan ematea gehiago".

Eskuineko horma da trinketaren beste berezitasun bat: "Batzuetan praktikoa da; egin daiteke bi pareta alderantziz, eskuineko pareta jo, frontisa eta sarera. Baina niri egin zait zaila, adibidez, ezkerrez moztuz gero eskuineko paretara; kristala izaten da, gainera, eskuineko pareta, arraro irteten da, eta nahikoa zaila egiten zait eramatea".

Buruz buru edo binaka jokatu ere, oso desberdina da: "Binaka, aurrelaria arduratu daiteke pilota sarean sartu ez dadin zaintzeaz edo hara sartzen bada ateratzeaz. Banaka, aldiz, bakoitzak eraman behar du dena. Sakean, adibidez, aurrean jarri eta sarera ez badoa, atzerantz joan behar duzu, eta alderantziz ere bai; norberak okupatu behar du frontoi osoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak