Entziklopedia biziari, adio

Julen Iriondo 2020ko mai. 11a, 10:04

Azkoagako Salturralde baserriko seme Jesus Mari Elejalde, erreferente garrantzitsua familian, Aramaioko historiaren aurreko mendeko ikerlari sutsuena, fede sakoneko gizona eta sorterriko seme kuttuna; haren lana eta oroitzapena geratzen dira betiko.

Otsailaren 20an, 85 urte betetzear, hil zen Jesus Mari Elejalde Plazaola, gizon maitatua herrian eta harekin harremana izan zutenen artean.

24 urterekin egin zen abade, eta, Oletan zein Ubidean jardun ostean, Ekuadorrera joan zen misiolari. Aramaiora itzuli, eta bertako parroko izan zen urte luzez. Aramaioko ondarea jasotzeko lan ugari egin zuen, eta zenbait liburu idatzi zituen; besteak beste: Ermitas y caminos del Valle de Aramaiona (1986), Aramaioko udaletxea (1988) eta Ayer y hoy del Valle de Aramaiona (1989). Ameriketatik sorterrira itzuli eta familiako etxean urte luzez bizi izan ostean, Gasteizko seminarioko erresidentzian eman zituen azken urteak.

Familian, arrastoa

Jesus Mari Elejalde, jarrita, erdian, anaia-arreba eta gurasoekin.

Abadeagatik jarri zioten haren anaia zaharra Franciscok eta emazte Sebastiana Mondragonek euren semeari izena Jesus Mari. Jesus Mari Elejalde Mondragonek osabaren oroitzapen ederrak ditu, berarekin pasatutako momentuenak, eta bere hitzetatik ondoriozta daiteke eragin handia izan zuela beragan hark eta harekin izandako harremanak.

Izenaz gain, osabagatik omen du zur-lantzaile ofizioa ere: "Harengatik deskubritu nuen zer gustatzen zitzaidan; hari ere egurra gustatzen zitzaion. Gero, elizak konpontzen-eta ibili zen, eta nik prestatzen nizkion, eta lagundu". Horren aurretik, baina, mutiko zela, gogoan du nola beste noranzkoan zen laguntza. Jesus Mari Elejalde Mondragonek miresmenez hitz egiten du osabaren gainean hark zituen erlijio balio eta jardunari buruz ari dela, baina beste ezer baino lehen bere osaba zen Jesus Mari Elejalde Plazaola, eta gogoan ditu haren osaba-lanak: "Nire lehenengo goitibehera... Nik esan nion berari goitibehera bat nahi nuela, eta berak esan zidan: 'Laguntzen badidazu, bien artean egingo dugu'. Horrela hasi nintzen egur kontuekin zaletzen".

ABADE ZELA, FABRIKAN ERE LANEAN JARDUN ZUEN JESUS MARI ELEJALDEK

Jendearekiko oso hurbilekoa zen. Ilobak gogoan du nola antolatzen zituen auzolanak, "gotzaindegitik lortutako diruarekin", eta baita nola laguntzen zien ingurukoei, tramite eta bestelakoetan: "Lehen, ez zen egoten ingeniari asko, edo ez zen gaur egun bezala, joan zaitezkeela aholkularitza batera edo; orduan, jendea etortzen zitzaion ez dakit zertarako paperak prestatu behar zituela-eta, eta berak egiten zizkien, edo esaten zien nora jo behar zuten...".

Ekuadortik itzulita, abade izanda, Fagorren egon zen lanean hainbat urtez; horrez gain, trebea zen hainbat lanetan: "Elektrikari bazekien, iturgin ere egiten zuen, etxeko instalazioak, elizakoak... Orain, adibidez, esan didatenez, berak eramaten zuen Gasteizko seminarioko mantentzea, edo berak gestionatzen zituen gauza asko". Gogoan du baserriko lanetan ere nola jarduten zuen, eurekin baserrian bizi zela, Gasteiza joan aurretik, beste bat bezala, abade lanak amaitu ondoren.

Heriotzaren atarian, osabaren aldamenean izan zen azken egunetan Jesus Mari. Otsailaren 20an hil zen; COVID-19aren gaiak Euskal Herria bete-betean harrapatu aurretxoan, beraz. Azkenaldiko egoera bereziak izan du, dena den, ondoriorik kasu honetan ere: "Osabaren errautsak Azkoagako hilerriko hilobian sartzeko asmoa dugu; ea egoera hau pasatzen den, familia elkartu eta hori egin ahal izateko".

Pasio berak elkartuak

Josemari Velez de Mendizabalek adiskide zuen Jesus Mari Elejalde Plazaola, hura Ameriketatik itzuli zenean pertsonalki elkar ezagutu zutenetik. Biak aramaioar, biak historiazale eta sorterriaren maitale, bazuten zerk lotu, beraz: "Aramaioko historia, kultura, eta abar beti maite izan ditut, eta beti izan ditut aztergai, eta Jesus Marik ere arlo berean ziharduen. Sarri ibili ginen biok elkarrekin, gure azterketak konparatuz eta elkarri lagunduz; nik neukana berari ematen nion, edo uzten nion, eta berak niri gauza bera".

Seme kuttun izendapen ekitaldiaren egunean.

Velez de Mendizabal eta Elejalde, gainera, elkarrekin, egun berean, izendatu zituen Aramaioko Udalak herriko seme kuttun, 1999ko irailaren 26an, eta horrek ere eragin zuen harremanean: "Areagotu egin genituen gure hartu-emanak, gure elkar-trukaketak, eta abar". Eta Elejalde Gasteiza joan zenean ere ez zen bien arteko kontaktua eten: "Astean bitan-edo Gasteizera joan behar izaten nuen nik ere, lan kontuengatik, eta sarri bisitatzen nuen bera bizi zen erresidentzian, eta jarraitu genuen, jarraitu genuen hil arte. Nire azken antzerki obra Gasteizen eman genuenean ere, etorri zen, gurekin egon zen eta... Harreman oso zabala izan nuen nik Jesus Marirekin; kultura gizon bezala, beharrezkoa zen berarekin egotea; Aramaioko kulturaren ildoetatik jotzeko, beharrezkoa zen Jesus Marirengandik edatea, eta ni egarri nintzenez, berarengana jo behar nuen ur horren bila". Eta gaineratzen du: "Askotan deitzen nion zerbaiten eske eta esaten zidan: 'Emadazu pare bat egun eta begiratuko dizut".

1999AN IZENDATU ZUEN UDALAK ARAMAIOKO SEME KUTTUN, EGINDAKO EKARPENAGATIK

Hala ere, elkarlanean ez zuten lanik gauzatu: "Ez genuen inoiz ezertxo ere egin. Azkena, adibidez, Andra Mari kofradiaren gaineko nire liburuan, berak lagundu zidan, hitzaurrea berak egin zuen; nik baino askoz gehiago zekien berak, noski, kofradiari buruz, nahiz eta sekula ez zuen idatzi. Nik pasatu nizkion nire zirriborroak, berak ikusteko eta... Baina elkarrekin ez genuen inoiz ezer gauzatu: ni inoiz ez naiz izan beste inoren ez morroi eta ez maisu, eta berari ere gauza berdina gertatzen zitzaion". Nahiz eta gogoan duen Velez de Mendizabalek nola Elejaldek bere lan ezagunena egiterakoan, Ayer y hoy del Valle de Aramaiona izeneko liburua, laguntzaile izan zituen hainbat pertsona, zenbait kapitulu idatzi zituztenak, Periko Uribarrena, "maisu bat Araban, gaur egun", horietako bat: "Jesus Marik nolabaiteko eskola egin zuen, eskola ireki zuen Aramaion; izan ere, bere liburu famatuan, badira pertsonak Jesus Marirekin hasi zirenak eta berarekin lan egin zutenak; beraz, berak nolabaiteko eskola edo, behintzat, ildo bat ireki zuela esan nahi du horrek. Eta hor dauden izen batzuk oso inportanteak dira gaur egun, beste arlo batzuetan, baina bai".

Aramaio eta ikerketa ziren Jesus Mari Elejalderen pasioak, eta bere zereginetarako lagundu zion, Velez de Mendizabalen ustez, elizgizon izaerak: "Normala den bezala, artxiboak-eta eskutik eskura zeuzkan, eta, beraz, ez zuen hain zaila egitea; baina orduak sartu behar zirela, derrigor: denok dakigu zenbat kostatzen zaigun datu berri bat ateratzea. Jesus Marik ere ordu mordoa sartu zituen bere ikerketa lanetan. Ayer y hoy del Valle de Aramaiona liburua da biblia, Aramaioko historiari buruz edo kulturari buruz zerbait jakin nahi duenak horra jo behar du, ezinbesteko liburua da".

Velez de Mendizabalen hitzetan, "XX. mendean, Aramaiori dagokionez, izandako ikerlaririk sutsuena" izan da Elejalde.

Abade lagunak ere hitz onak

Iñaki Oregi murgiarrak, berriz, abade lagun izan zuen; aurreko mendeko azken hamarkadan Aramaioko auzo batzuetan jardun zuen Oregik, eta kalean eta beste batzuetan Elejaldek. "Gizon jator bat" izan zela dio, "besteen alde lanean" ahalegina egin zuena, "Jesus jarraituz"; jendearekiko "hurbiltasuna" nabarmentzen du, eta "fede sakona", baita ere: "Jesus zuen eredu, bide. Beti zuen presente".

Dio "oso maitatua" sentitu zela Elejalderekin izan zen urteetan, eta "oso gustura" egon zela harekin: "Nahiz eta bera ni baino zaharragoa izan, hamabost urteko aldearekin, oso ondo konpontzen ginen, oso ondo egon ginen elkarrekin". Azkenaldian telefono bidezko tratua zuen lagunarekin: "Gaixotu zenean egin nion bisita, eta...".

Elejalderen izaera eta balio berezien adierazle da aurretik ere haren ilobak aipatutakoa, kooperatiban lanean ere ibili zela; Ekuadortik itzultzean izan zen, elizan laguntzearekin batera, fabrikan jarduten zuen: "Zen modu bat adierazteko, nahiz eta abade izan, lanean lortuko zuela ogia".

Aramaioko Udala

Aramaioko Udalak ere, azkenik, hitz onak baino ez, Jesus Mari Elejalde agurtzeko: "Bere bizitza, mundua, Euskal Herria, Aramaio,… ezagutu eta ikertzen eman zuen. Eta ekarpen handiak utzi dizkigu udalerrian. Horregatik izendatu zuten seme kuttun ere, bere garaian. Joan zaigu, bada, Jesus Mari Elejalde, Aramaioko seme kuttuna, abadea, historialaria, anaia, osaba,… baina berak egindako ekarpena gurekin geratzen da… Eskerrik asko, Jesus Mari!", zioen Lierni Altuna alkateak, Elejalde hil berritan.

Aramaiori buruzko 'biblia'

Biblia legez definitzen du Josemari Velez de Mendizabalek Jesus Mari Elejalderen Ayer y hoy del Valle de Aramaiona liburua. Herriko historiako hainbat kontu izendatu eta gero –oinaztar eta ganboatarrenak; Limitaua-rekin lotutakoak; Santa Kruz apaizarenak...–, liburuaren aurkezpenean Juan Leibarrek dio Jesus Mari Elejaldek "hainbat misterio" argitu zituela lan hori argitaratuta, ordura arte "ezezagun" ziren hainbat dokumentu argitara atereaz: "Artxibategi eta liburutegietan, partikularren eskuizkribuetan eta jasotako lekukotzen bitartez egindako ikerketa lan handia da. Historia aurkezten digu, izen eta abizenekin, datekin eta sinadurekin, datuekin eta bere iturriak izendatuz". Eta jarraitzen du esaten: "Baiezta dezakegu Jesus Marik tentuz irakurri eta aztertu dituela Aramaiori buruz idatzi diren guztiak".

Elejaldek berak azaldu zuen liburuaren hitzaurrean hura idazteko egindako lana: "Pergamino zaharrekin ibili gara, mendetako eta hauts arteko loalditik atera ditugu. Bailarako bazter guztiak galdekatu ditugu, zuhaitz, harri eta bideko bihurgune bakoitza". Eta horrela izendatu zituen liburuan aurki zitezkeen gaiak: "Gure irudimenaren bitartez, haritzez eta pagoz bete ditugu mendiak, eta haietan, ehunka behi, behor, ahuntz, ardi eta txerri, bazkatzen. Entzun ahal izan dugu otsoaren ulua, neguko gau ilunetan, eta kanpai-hots alai edo tristeak egunsentian. Belztutako aurpegietako begi zuriz agurtu gaituzte ikazkinek, eta olagizonekin partekatu ahal izan dugu gure satoetako ardoa. Elizak eta dorreak jasotzen ikusi dugu, baita etxeak ere; bideak eta zubiak nola eraikitzen zituzten. Eta ikusi dugu bailarako jauna, galaz jantzia, erregearen gortean, edo anaien arteko borroketan odolez gorri; edo maitasun bila, xantaia, beldur eta zapalkuntza bidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak